Kerman Orbegozo izango da aurrerantzean Ogasun eta Finantzetako zinegotzia
Donostiako Udala utziko du Jaime Dominguez-Macaya Ogasun eta Finantzetako zinegotzi jeltzaleak. Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren bokala izatera pasako da. Haren lekukoa EAJren legebiltzarkide Kerman Orbegozok hartuko du. Dominguez-Macayak hilaren 20ko udalbatzarrean utziko ditu bere kargu guztiak, 2022ko aurrekontua onartu ondoren. Aldiz, urtarrileko osoko bilkuran izendatuko dute zinegotzi Orbegozo.
Eneko Goia alkateak eskerrak eman dizkio Dominguez-Macayari azken urtetan egindako lanarengatik. Era berean, etorkizunean izango duen erronka profesional berrirako zortea opa dio.Bestalde, Orbegozori udal gobernura eta hiriarentzat hain garrantzitsua den kargura ongietorria eman dio. “Aldaketa modu naturalean egingo da. Esperientzia eta gaitasun handiko pertsona bat doa eta ibilbide eta zerbitzu publikoko bokazio handiko pertsona gaztea dator”, azaldu du Goiak.
Gaur goizean egin duten aurkezpenena, Orbegozok ondorengoa adierazi du: “Ohorea da, erronka pertsonal eta profesional handia. Saiatuko naiz eman didaten konfiantzari gogor lan egiten erantzuten”. Dominguez-Macayak ere hitza hartu du agur esateko: “Pozik nago nire onena ematen saiatu naizelako, eta udala arrazoizko egoera batean utziko dudalako”.
Orbegozoren ibilbidea
Kerman Orbegozo Uribe Eusko Legebiltzarkide izan da 2011. urteaz geroztik. 43 urte ditu, eta egun, Osasun batzordearen presidente eta Ogasun eta Aurrekontuetako batzordearen kide da. Ikasketei dagokienez, Orbegozo Zuzenbidean lizentziatua da –ekonomian espezializatua–, eta masterrak ditu enpresetako abokatutzan eta aholkularitza fiskalean.