Kulturak hiria eraldatu nahi izan zuen urtea
Urteak igaro genituen "Donostia 2016" entzuten. Europako kultur hiriburua, herritarren energia olatua, elkarbizitzaren kultura... Hitz handien atzean, krisiz eta gatazkez betetako prozesua izan zen. Nork ez du oroitzen Odon Elorza eta Juan Karlos Izagirreren arteko besarkada hura, 2011n? Gainontzeko kultur hiriburuengandik "desberdina" izateko bokazioa izan zuen hasieratik, bidean jarriz helburua. Eta legatuan. Baina bost urte pasa dira dagoneko, eta non dago legatu famatua?
Odonek eta biok ez genuen elkar ezagutzen. Berak, nire El Diario Vasco-ko zutabeak irakurtzen zituen, eta, egun batean, hots egin zidan: ‘Aizu, Santi, ba al dakizu zer diren kultur hiriburutzak?’. Eta nik, baietz: ‘Kulturari balioa emateko Europako Batzordeak dituen mekanismoak dira, baina, funtsean, turismoaren ideiarekin lotuta dago, kapital fluxuarekin eta marka hirien ideiarekin. Kontzeptu hori ez zait asko interesatzen, kulturaren aurka doalako, eta aholkatuko nizuke ez aurkezteko'”.
Santi Erasoren erantzuna da hau. Bera izan zen ondoren DSS2016EU proiektuaren Kultura zuzendaria eta Donostiaren hautagaitzaren buruetako bat. Garaiko alkate Odon Elorzak buelta emateko proposamena egin zion, bestelako ikuspuntu bat garatzekoa, eta “positiboan” jartzeko eskatu zion. Orduan sortu ziren lehen bi txostenak: La potencia de lo posible (2008) eta La burbuja cultural. Educación/ecología/cultura: un nuevo trinomio social (2009).
Hasierako proiektua lan hauetatik abiatu zen, eta, oinarri horietatik, “kultura ez zen ikusten masa ikuskizun gisa, erakargarritasun turistiko gisa, datozen ospetsuen zerrenda gisa”, Erasoren esanetan. “Tokiko kultura sustatu nahi genuen. Turistak ez zuen garrantzirik guretzat”.
Parte hartze zabala bilatu zen lehen bi dokumentuak osatzeko, eta “ia programa eta egitasmo guztiak jendeak proposatu zituen: elkarteek, kolektiboek eta norbanakoek”. Izan ere, Erasoren ustez, “alkate batek gogoratua izateko egiten duen ideia tipikoa bazen ere, hasieratik kontsentsua bilatu zen, eta alderdi guztiena lortu zuen. Baita ezker abertzaleko pertsona batzuena ere [garai hartan, ezker abertzalea legez kanpo zegoen, eta ez zuen udalean ordezkaririk]”.
Aldaketarik gabeko aldaketa
Baina, 2011ko ekainean, inork espero ez zuena gertatu zen. Sortu berria zen Bildu koalizioak irabazi zituen Donostiako udal hauteskundeak, eta Juan Karlos Izagirre izan zen alkate berria. Handik gutxira, izendatu zuten Donostia Europako Kultur Hiriburu, ekainaren 29an.
Espainiako beste hautagaitzek zalaparta ederra egin zuten, Bilduk irabazteak sortzen zien azkurarengatik. Erasoren arabera, Bilduk “onartu egin zuen dokumentua” eta proiektua “gidatu behar izan zuen”. Igor Otxoa sartu zen orduan proiektuen zuzendari.
Otxoak kontatutakoaren arabera, “zubi lana” egin zuen, ordura arte proiektua landu zutenen eta gobernu berriaren artean. “Paperak dena aguantatzen zuen”, eta beraiei egokitu zitzaien “lurreratze pista finkatzea”.
Bildu, “noraeza” eta “boikota”
Saiakerak saiakera, “noraezean hasi zen proiektua”. Erasok argi du, batetik, argi ikusi zela inork ez zuela benetan sinisten oinarrietan: “Desiren kontra irabazten ari ginen”. Baina, bestetik, aitortzen du “boikota” jasan zuela Izagirreren korporazioak.
Otxoarentzat ere argia da: “Denek erabili nahi zuten politikoki 2016a, elkarri mokoka aritzeko. Bitxia da, zeren, patronatuan zeuden parte hartzaile berak ditu, adibidez, Zinemaldiak, eta bertan ez da horrelakorik gertatzen. Ikusmira eta zama mediatiko handia zuen honek”.
Erasok gehiago zehaztu du: “Bilduren garaian, babesle guztiak erretiratu ziren. Presio asko izan ziren. Manuela Carmenaren [Madrilgo alkate ohia] bulegoan nengoenean berdina gertatu zen: komunikabideek eta botere ekonomikoek boikota egin zioten. Bilduri ere gauza bera gertatu zitzaion. Bilduk haizearen eta itsasoaren kontra gobernatu behar izan zuen, ezin hobeto esan. Ahal izan zuena egin zuten, ahal izan zuena. Pablo Berastegik bezala, ahal izan zuena”.
Itziar Nogeras Donostia 2016ko zuznendaria izandakoarekin egin zuten “jazarpena” nabarmendu du: “Ospe txarreko kanpaina bat izan zen, eta ostiaka bota zuten ni Madrilen bezala. Ordutik hona, dena burugabekeria izan da. Hautsitako adostasunak, kendutako babesletzak, komunikabideak ere aurka… Hori izan zen El Diario Vasco-ren bilakaera ere. Hasieran lotsatia, gero Bildu sartu zenean dena kontra, eta Eneko [Goia] sartu zenean murgildu egin ziren, baina beranduegi zen…”.
Europako Batasunak ere, balorazio txosten ofizialean, honela aipatzen du: “Bilduk EBren estrategiari buruz zituen iritzi politikoak, ez ziren bat etorri estatuetako eta eskualdeetako gobernuen iritziekin, eta horrek, ezegonkortasunak eragin zituen programaren kudeaketan (eta aldaketak langile giltzarrietan, koordinatzailean barne)”. Europako Batasunak berak, aitortzen du programak “prentsa jarraipen negatiboa eta zaila” jasan zuela, “motibazio politikodun komunikabideen artean, diseinuaren eta exekuzioaren fasean ‘eskandalu’ politiko batzuk barne”.
Bilduk, hasiera batean behintzat, “ez zuen argi zertarako nahi zuen erabili 2016a”, eta honek eragina izan zuen egitasmoak zituen langileetan: bost langile hasieran, 2014an hamahiru, 2015ean 39 eta 2016an 61era heldu zen arte. Inbertsio falta honek tirabirak eragin zituen Europarekin.
Polemikak eta dimisioak
2011ko urtarrilean osatu zuten Donostia 2016 Fundazioa, Eva Salaberriak gidatuta. Fundazio hori Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak osatu zuten. Ondoren, Espainiako Kultura Ministerioak, bere eskubidea baliatuz, patronatuan kide bat sartzea erabaki zuen.
Fundazioa sortu eta bi hilabete ingurura, dimisioa eman zuen Ainara Martin zuzendari artistikoak, “arrazoi pertsonalengatik”. Urte bereko uztailean, Fernando Bernues izendatu zuten proiektuko zuzendari artistiko.
Santi Eraso izan zen proiektua uzten zuen lehen pertsona garrantzitsuenetako bat. 2011n, proiektua irabazi zenean, Sevillan bizi zen, eta berak aitortuta, ez zuen “bateragarria ikusten Donostiara berriz itzultzea”. Ordurako, Igor Otxoa proiektuen zuzendaria zen.
Itziar Nogerasen kargu hartzea izan zen polemikoena, 2013ko udan. Bilduk proposamena egin zion, bera Elhuyarren lanean ari zenean. Hark baiezkoa eman, eta gerora atera zen lehiaketa publikoa. ABC egunkariak argitaratu zuen Nogerasek bere lankideei bidalitako agur gutuna, lehiaketa egin aurrekoa.
Espainiako Kultur Ministerioak azalpenak eskatu zituen orduan, eta zalaparta mahai gainean zegoen. Alde guztiak batu ziren bilera batean, prozedura onartu, eta Nogeras hautatu zuten, aho batez. Handik gutxira, Fernando Bernuesek utzi zuen, eta gerora Igor Otxoak.
Zalapartak iraun zuen, eta azkenean Nogerasek kargua uztea erabaki zuen, proiektuak zuen “erabilera alderdikoia” salatuz, baita “konfiantza falta” ere, Izagirre alkatea aipatuz. Xabi Payak, Enara Garciak eta Garbiñe Muñoak hartu zuten behin-behinean zuzendaritza, Pablo Berastegi azken zuzendaria hautatu zuten arte. Hautsak harrotu zituen honek ere, Bilduk euskaraz ez zekien zuzendari bat hautatu zuelako.
Erasoren ustez, “Pablo Berastegik ahal izan zuena egin zuen proiektuan geratzen zenarekin. Horrelako proiektu bati ezin zaio gehiegi eskatu, izan zuen noraeza kontuan hartuta. Desegiten joan zen, eta berak apurrak hartu zituen. Izan ziren murrizketekin, ezin zen bestela egin”.
Eneko Goia eta normaltasuna
Eneko Goiak irabazi zituen hauteskundeak 2015ean eta PSE-EErekin gobernua osatu zuen Donostiako Udalean. Stand-by geratu ziren proiektuak martxan jarri zirenez berriz, babesletzak berriro ere agertu ziren: Kutxa Fundazioak, 500.000 euroko ekarpena egin zion Donostia 2016ri, hiriburutzaren “babesle global” bihurtuz. Tartean sartu ziren ere Telefonica, Iberdrola eta enpresa handien babesletzak.
2015aren hondarretan, programazioaren aurkezpen ofiziala egin zen Tabakaleran: 500 kultur eragile eta artistarekin diseinatu eta garatutako 102 proiektu aurkeztu ziren.
Inaugurazioan hotza eta txistuak
Inaugurazio ekitaldia izan zen 2016ko ekitaldi entzutetsuenetako bat. Batez ere, hau ere polemikarengatik. Goiak berak onartu zuen “ez zituela aurreikuspenak bete”, eta Denis Itxasok “hotz” utzi zuela. Honen aurrean, Hansel Cereza artista arduradunak haserrea erakutsi zuen, kritikak onartzen ez zituela eta.
Zubian egindako show-az gain, aurrekontuak ere sortu zituen eztabaidak. Izan ere, 2016ko martxoan oraindik ez zegoen argi zenbat gastatu zen ekitaldian. 660.000 euro kostatu zela irakurri zen hasieran. Ordu erdiko ikuskizuna zela kontuan izanda, 22.000 euro minutuko. “Inaugurazio ekitaldia diseinatzea eta sortzea” eta “inaugurazio ekitaldiaren ekoizpena” kontzeptuak batuz gero, ordea, 800.053 eurokoa zen ekitaldia. Lau egunetako inaugurazioak denera 2.825.046 euroko gastua izan zuen, Ahal Duguk argitaratutako dokumentazioan irakur zitekeenez.
Aste batzuk lehenago, San Sebastian egunean, polemikak izan zuen bere lekua ere. Europako ereserkia jotzeko eta abesteko asmoa zegoen, baina erdi modu espontaneoan, erdi antolatuta, izugarrizko txistualdia entzun zen, telebistak zuzenean eman zuena.
Urte osorako programa zabala
Gorabeherez gain, hasierako asmoei jarraituz, 2016a ekitaldiz bete zen, Donostiako erdialdeko auzoetan zentratuz, batez ere. Honela banatu ziren ekitaldiak: Egian %22,5, Erdialdean %21, Parte Zaharrean %19, Grosen %11 eta Antiguan %4,5.
3.356 jarduera antolatu zituzten 2016an, 6,8 jarduera egunero. Horietatik, 2.476 Donostian, eta gainontzekoak, Gipuzkoan zehar.
Era berean, programazioa “desestazionalizazio” planteamendu batetik garatu zen, Donostiako kultura eskaintza ofizialaren protagonismo txikieneko uneak bilatzen zituena. Horrela, hiriburutzaren jardueren eskaintzaren puntu gorenak maiatzean (453 jarduera) eta urrian (470) izan ziren, Donostiako goi denboraldia uda, alegia ez den hilabeteetan, hurrenez hurren.
Olatu Talka hamar urtez
Hiru itsasargitan banatu zituzten kultur hiriburutzaren inguruko jarduerak: Bakearen Itsasargia, Bizitzaren Itsasargia eta Ahotsak Itsasargia. Ildo jakin bat zuen horietako bakoitzak, eta ildo bakoitzaren barruan hogei jarduera inguru egin zituzten. Bestalde, Kaiak sortu zituzten, helburuak zeharka lantzeko: hizkuntza aniztasuna, teknologia, pentsamendu kritikoa, arte garaikidea, parte hartzea, artistak eta kultur espazioak.
Europako Batasunaren txostenean, 10.493 ordu eskaini zituzten 2.373 boluntarioren lana txalotzen da. Kontuan edukita, Behobia-Donostia lasterketak 1.000 boluntario baino gehiago batzen dituela egun bakarrean, ez da oso zifra altua.
Olatu Talka izan da proiektu berezienetako bat. 2010ean sortu zen jaialdia, kultur hiriburutza oraindik hautagaitza fasean zegoenean. Azkena 2020an izan zen, 60.000 lagun inguruk parte hartu zuten, jaialdiaren 200 jardueretan.
Kortxoenea eta hiri eredua
2016 hasi zenerako, ordea, apurtuak ziren elkarbizitza zubi gehienak herri mugimenduen eta kultur hiriburutzaren artean. Tabakalera irekitzen zen aste berean, 2015eko irailean, hondeamakinek Kortxoenea gaztetxearen zati bat apurtu zuten epailearen baimenik ez zutenez, atzeratu behar izan zen eraisketa. Agerian geratu zen gatazka, Tabakaleraren inaugurazio ekitaldiko Pottors eta Klito hardcore talde feministaren kontzertuan.
“Femeninoz eta aldarrikapenez” hasi nahi izan zuen ekitaldia Tabakalerak, baina argi esan zuen: “Hau ez da guk irudikatu nahi genuena”. Izan ere, taldeko Amaia Gabilondok gorputza pintura gorriz tindatuta, Kultura herriarena. Kortxoenea bizirik zioen pankarta zabaldu zuen. “Artea denontzako dela ari dira esaten, eta gaur haserretu egin zaizkigu egin duguna egin dugulako”, adierazi zuen Gabilondok.
Aste nahasiak ekarri zituen Kortxoenea gaztetxearen eraisketaren kontrako borrokaldiak. 2016ko langileek babestu zuten Kortxoenea, baita Donostiako eta Euskal Herriko kultur agente ugarik. Tabakalerak berak, txio baten bidez adierazi zion babesa gaztetxeari, eta zuzendari izandako Xabi Payak artikulu batean babestu zuen ere.
Azkenean, 2015eko azaroan eraitsi zuten Kortxoenea gaztetxea. Irailetik azarora hiriko kultur eskaintza zabalena antolatu zuen, besteak beste, Fermin Muguruza, Glaukoma, Berri Txarrak, Zea Mays, Perlak eta Anariren mailako taldeen kontzertuak eskainiz.
Bake itunak eta elkarbizitza
Bake itunak proiektua zen handinahietako bat. Izendatu berri zen Felipe VI. Espainiako erregearen bisita eta guzti. Artista talde batek bere parte hartzea kritikatu zuen Ongi etorri Felipe afixak paratuz markesinetan. Udalak faltsuak zirela adierazi zuen, baina artistek erantzun zioten ezetz, Espainiako erregeari ongi etorria benetakoa zela. Hala baitzen.
Eraso izan zen proiektu honen zuzendari nagusia. Berarentzat, “ETAren biolentziaren amaierako kontakizunaren ardatza izateko bokazioa zuen. Artearen historia ia osoa hartzen zuelako”. Bruegelen lanarekin hasten zen, “herria festa bat ospatzen ari da, baina erdian urkamendia duela. Gogoratzeko erabateko bakeak estatu indarkeria dakarrela berekin”.
2016ak bizikidetzan egin zuen ekarpenaz galdetuta, prozesuari eman dio garrantzia Erasok: “Proiektua eraikitzeko prozesu bera elkarrizketarako gune bilakatu zen. Ezberdinen arteko topaketa laborategi bat izan zen. Hori nahikoa eta sobera izan zen niretzat: PP eta Bildu adostasunetara iristea, pentsa!”.
Nabarmentzekoa izan zen baita ere, (E)zinezko elkarrizketak egitasmoa, besteak beste, Ramon Saizarbitoria eta Fernando Aranbururen arteko elkarrizketa gogoangarria.
Alderdi guztien kontsentsua
Kritikak kritika, gatazkak gatazka, Erasok arrazoia du 2016k kontsentsua lortu zuela dioenean. PSE-EEk, Bilduk eta EAJk eraman zuten politiketan gatazka nabari zen arren, oinarrian, inork ez zuen zalantzan jarri egitasmoa bera. Azken finean, denak izan zirelako modu batean edo bestean proiektuaren parte.
Desokupatu 2016 mugimendua izan zen hasieratik egoerari kritika egiten zion gutxienetako bat. Polemikatik libratu gabe, hemen ere. Adibidez, Kortxoenea gaztetxean antolatu zen Santi Erasoren lehendabiziko hitzaldietako bat oraindik gentrifikiazioaren gisako hitzak herri mugimenduaren hiztegian ez zeudenekoa eta sabotajea egin zioten gaztetxeko ateko sarrailari. Polemika egon zela, hori bai kontsentsua.
Igor Otxoak “kontraesan handia” zela uste du: “Elkarbizitzaz hitz egiten genuen, baina gero oso zaila zen dena”. 2015. urtean “Kortxoenea eraisteak ere erakusten zuen, kultur hiriburutzak oinarrizko gauza batzuk aldatzeko ez zuela balio izan”. Egondako zentsura ere ekarri du gogora, “nik dudan kulturaren ulerkeraren erabat kontrakoa da” [Lekurik gabe, denborarik gabe erakusketan euskal preso baten artelanaren zentsuraz ari da].
“Beste zerbait izan zitekeen”, Otxoaren ustez: “Hasieran denok bilatu genuelako oinarritik eraldatuko zuen herri kultura bat garatzea”.
Zein da legatua?
Otxoak distantziatik ikusten du egoera, eta uste du inork ez duela gaia berrartu nahi: “Denbora pasa da, eta benetako ikerketa bat egin beharko litzateke utzitako ondorioen inguruan”.
Erasoren ustez, “hamar urteko prozesua izan nahi zuen, 2016. urtea inflexio-puntua izanik. Prozesua zen ideia, bidea. Ez ekitaldia. Baina, azkenean, ekitaldia bihurtu zen”. Legatuari buruz galdetuta, ahoan bilorik gabe erantzuten du Erasok: “Nik dakidala, ez dago legaturik. Jendeak 2016a pasatzeko gogoa zuen, lotsa apur batekin. Aukera berde bat izan behar zena, marroi batean bihurtu zelako”.
ZENBAT DIRU MUGITU ZUEN 2016AK?
46 milioi euroko aurrekontua izan zuen azkenean 2016ak, aurreikusitakoaren erdia, besteak beste, krisi ekonomikoak ekarri zituen murrizketengatik. Donostiako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak 18.083.333 euro jarri zituen bakoitzak. Espainiako Kultura ministerioak 11 milioi euro eta Europako Batasunak milioi eta erdi. Babesletza pribatuak 17.800.000 euro jarri zituen.
Donostia Sustapenak egindako Evaluación del Impacto Económico de la Capitalidad Cultural txostenean kalkulatzen da kultur hiriburuak 47,1 milioi euro utzi dituela hiriko ehundura ekonomikoan. Eta, ikerketaren arabera, 47 ,1 milioi horietako %60 ostalaritzak eta komertzioek jaso zituzten.
Ateratako emaitzak hiriko beste jardunaldi batzuen eragin ekonomikoarekin alderatzen ziren txostenean: Zinemaldiak 27 milioi euroko etekin ekonomikoak eragin zituen bederatzi egunean, 2013ko ikerketa baten arabera; Jazzaldiak 11 milioi sei egunean; eta Behobia-Donostiak 15 milioi egun bakarrean.
Azterketan ere, ez dira azaltzen egitasmo osoan zehar izandako lan baldintzak. Kultura munduan hain ohiko den prekarietatea, hemen ere ez zelako salbuespena izan.