Espainiako erreginaren bisitak ikusmira gutxi eta eragozpen ugari sortu ditu Egian
Espainiako Cervantes institutuak antolatutako jardunaldien inaugurazio ekitaldia irekitzera etorri da Espainiako erregina, gaur goizean Tabakalerara. Segurtasun neurri zorrotzak zirela eta, Ertzaintzak bidea moztu du hainbat minutuz, bizilagunen kexu artean. Bingen Zupiria kultur sailburuak, Markel Olano ahaldun nagusiak eta Denis Itxaso Espainiako Gobernuaren ordezkariak, harrera egin diote erreginari Tabakaleran.
Denis Itxasok “espainieraren ondare komuna eta hizkuntza koofizialekin batera izateak dakarren aberastasuna aldarrikatzeko” aukera bat dela adierazi du.
Horrelako ekitaldietan ohikoa izaten den txalo eta argazkirik ez da egon gaurkoan. Ertzaintzak jarritako hesian hamar bat lagun zeuden zain, baina Mundaiz kalera pasatzeko zain. Kexa batzuk entzun dira ere, lanera joan behar zuen jendeak ezin zuelako pasa.
Egiako auzo elkarteko bizilagun batek adierazi duenez, azken hamar egunetan kontrol ugari egiten aritu da polizia inguruetan, “estoldak miatzen eta abar”. Gaur ere, poliziaren presentzia nabaria izan da auzoan, teilatuetako frankotiratzaileak barne.