Hilaren 22an estreinatuko da 'Apaiz kartzela' dokumentala zinemetan
Apaiz Kartzela filma Principe aretoan egongo da ikusgai 19:30eko pasean, hilaren 22tik aurrera. Bi pase berezi izango dira, hilaren 22an eta 23an. Bi pase hauetan talde teknikoko kideen eta apaiz protagonista batzuen parte hartzea izango da, eta proiekzioaren ostean, solasaldirako tartea izango da. Bertan izango dira, besteak beste, Ritxi Lizartza zuzendaria, Joserra Senperena musikaria eta Xabier Amuriza, Joan Mari Zulaika edota Felipe Izagirre apaiz eta preso ohiak.
Apaiz kartzela
Francisco Franco diktadorearen errepresioaren aurkako jarrera erakustegatik, 1968 eta 1976 artean 50 bat apaiz –gehienak Euskal Herrikoak– kartzelatu zituzten. Horietako batzuk, hamabi urteko kartzela zigorrak jaso zituzten. Apaiz horien historia kontatzen du Apaiz kartzela dokumentalak, gaurtik ikusgai dagoena zinema aretoetan. Ritxi Lizartza donostiarrak zuzendu du lana, David Pallaresekin eta Oier Aranzabalekin batera, eta Maluta Films arduratu da ekoizpenaz.
Munduko apaizentzako kartzela bakarra du hizpide, eta frankismoaren zapalkuntzaren aurka erreakzionatu zuten apaizen borroka ekartzen du gogora, protagonisten beraien kontakizunetik abiatuta. Momentu historiko ugariren artean, konkordatu kartzelari su eman zioten unea ageri da dokumentalean, baita tunel batean ihes egiten saiatu zirenekoa ere. “Diktadorearen gehiegikeriei gogortasunez aurre egin zieten abade haiek ez dute justiziarik eta errekonozimendurik jaso, kartzela zabaldu zenetik igaro diren 50 urte hauetan. Izan ere, Espainiako Estatuan, memoria historikoa konpondu gabeko kontua da oraindik ere”, adierazi du Lizartzak.
35 elkarrizketa
Luzea da Zamorako espetxean preso egondako abadeen zerrenda, eta horietako askoren testigantzak bildu dituzte dokumentalean: Xabier Amuriza, Josu Naberan, Juan Mari Zulaika, Eduard Fornes, Julen Kaltzada, Jon Etxabe, Periko Solabarria, Periko Berrioategortua, Juan Mari Arregi, Martin Orbe, Felipe Izagirre, Vicente Couce, Nicanor Acosta, Mariano Gamo, Josep Maria Garrido, Andreu Vila, Jose Antonio Calzada, Lukas Dorronsoro, Mikel Zuazabeitia eta Pablo Muñoz.
“Jendeak ez du ezagutzen 1968tik 1976ra bitartean Zamoran apaizentzako kartzela bat egon zenik”, nabarmendu du Lizartzak. Apaiz kartzela dokumentalaren bidez gertatu zena berreskuratu dute, eta orain historia hori ezagutzeko aukera izango dute ikus-entzuleek.