Hiritar merezimenduaren bost domina banatuko dira 2022an
Aurkeztutako 48 proposamenetatik bost aukeratu ditu bozeramaileen batzordeak: Añorga KKE, Kresala Zinekluba, Zurriola Antzerki eskola, José María Leclercq eta Bidegin dira, hain zuzen.
Donostiako Udaleko Bozeramaileen Batzordeak gaur goizean onartu ditu 2022ko Hiritar Merezimenduen Domina jasotzeko proposamenak. Urtero legez, saridunek urtarrilaren 19an jasoko dituzte dominak, Udalbatzak berretsi ostean:
- Añorga KKE: 100 urte betetzen dituen kultur eta kirol elkartea, ehunka neska-mutilen kirol garapenean eta garapen pertsonalean lan handia egiten duena. https://anorgakke.eus/
- Kresala Zinekluba: Aurten 50 urte betetzen dituen elkartea da. Donostiak zinemarekin duen lotura sendotzen duen eragile garrantzitsua. Esparru komertzialetik kanpo dauden filmak programatzen ditu. https://kresalazinekluba.com/
- Zurriola Antzerki Eskola: Urte asko daramatza elkarte honek antzerkia bezalako oinarrizko praktika kulturalaren esparruan lanean. Donostia euskarazko eta amateurra den antzerkigintza bultzatzeko ezinbesteko tresna bilakatu da. https://www.facebook.com/ZURRIANTZERKI/
- José María Leclercq: Donostiako oroimena zaintzeko egindako lanagatik, bereziki 1813. urtean hiria suntsitu zuen gertakariarena http://www.sansebastian1813.es/428774392
- Bidegin: Doluan eta gaixotasun larrian laguntzeko duen ibilbide eta inplikazio guztiagatik. https://bideginduelo.org/
Talde edo pertsona fisiko edo juridikoek udalerriari eskainitako ezohiko zerbitzuengatik Donostiako Udalak ematen dituen dominak San Sebastian bezperan banatuko dira.