Espainiatik ateratzeko debekua ezarri diote Mikel Albisuri
Gaur deklaratu du epaile aurrean Mikel Albisu preso ohi donostiarrak. Gregorio Ordoñez PPko zinegotziaren hilketaren arduradun gisa inputatuta dago Albisu. Hamabost egunean behin epaitegian sinatzera behartu dute Albisu eta ezingo du Espainiako Estatutik atera.
Sortuk deituta, elkartasuna adierazi diote hainbat lagunek epaitegiaren aurrealdean. Salatu dutenez, “gaurko gertaera hau ez da kasu isolatu bat, honen atzean salbuespeneko legedian oinarritzen den Espainiako Audientzia Nazionala dago”.
Sorturen arabera: “Ezkerreko independentismoak urtez urte, urratsak ematen dihardu, eta urratsak ematen jarraituko du”. Herri honetan “bakea, elkarbizitza eta Estatuarekin dugun gatazka politikoari irtenbide justu bat emateko”. Salatu dutenez, “beste batzuk, kontrako norabidean ari dira. Bide hori oztopatu nahi dute, herri honi berriro ere sufrimendua eta mina eragin, eta erabateko ukazioa ezartzeko”.