Posturik gabe ere, giro ederrean ospatu da San Tomas eguna
Egun berezia zela aurreikusten zen. Iaz suspenditutako San Tomas eguna berriz ospatuko zela iragarri zuen Donostiako Udalak, eta ilusio handia piztu zuen. Azken asteetan ordea, osasun egoerak okerrera egin ostean, bertan behera utzi behar izan zuen udalak. Ez da ez posturik, ez eta ekitaldi berezirik egon egunean zehar, ez Konstituzio plazan, ez eta Txofre enparantzan ere.
Edonola ere, ohikoa den moduan, tabernek eskaini dituzte txistorra pintxoak eta giro ederra sortu da eguerditik aurrera, batez ere. Haurrak baserritarrez jantzita joan dira ikastetxeetara, baina gazte eta helduak ere jantzi dira, ez-San Tomasak ospatzeko.
Grosen, adibidez, jende mordoa bildu da Txofre eta General Artetxe kaleetan, eguerdiko poteoan. Marruma tabernan ere, taloak prestatzen aritu dira arratsaldean zehar. Parte Zaharrean, ohikoa den moduan, mugimendu handia izan da eguerditik aurrera. Gainontzeko auzoetan ere izan dira San Tomas eguna ospatu duten taberna eta herritarrak. Amaran, gazte asanbladak antolatuta triki poteoa egin dute arratsaldean.