Txillardegi omentzeko egitarau zabala prestatu dute urtarrilerako

Urtarrilaren 14an, Jose Luis Alvarez Enparantza ‘Txillardegi’, hil zeneko 10. urteurrena izango da. Senitartekoek, hainbat eragilerekin batera, hainbat omenaldi eta ekimen antolatu dituzte “Txillardegiri zor zaion aitortza publikoa aldarrikatuz eta izenik ez duen Donostiako Udal Liburutegi zentralari bere izena jar diezaioten eskatuz”. Honakoak dira 2022rako antolatutako ekimenak:
Urtarrilaren 11n, asteartez, arratsaldeko 19:00etan, San Telmo Museoan, Txillardegiren hizkuntza politikaren oinarriak eta gaurkotasuna, Araitz Aizpuru eta Iñigo Urrutiaren eskutik. Antolatzailea, Telesforo Monzon Fundazioko Txillardegi Gogoeta Gunea (TMelab). Urtarrilaren 13an, 19:00etan, San Telmo Museoan, Kronika liburuaren aurkezpena, Koldo Izagirre, Garbiñe Ubeda, Juan Luis Zabala eta Gorka Bereziartuaren eskutik. Antolatzaileak, Susa argitaletxea eta Argia aldizkaria.
Urtarrilaren 15ean, larunbatean, eguerdiko 12:00etan, Txillardegiren horma irudia dagoen Txillardegi plazan (Gaskonia), Txillardegiren gogoan omenaldia egingo dute. Horma irudi berritua inauguratuko dute bertan. Ekitaldian txilar landareak landatuko dira eta bertan izango dira txalapartariak, Beñat eta Unai Gaztelumendi bertsolariak, Janitz Enparantza txistularia eta Sua Enparantza eta Natale Bueno dantzariak.
Urtarrilaren 18an, Jakin fundazioak prestaturiko Txillardegiri buruzko bi liburu berriren aurkezpena egingo da San Telmo Museoan: Txillardegi: Euskalgintza eta Txillardegi: intelektuala eta gizartea, Alaitz Aizpuru, Lorea Agirre eta Igone Lamarainen eskutik.
Aurreratu dutenez, 2022ko udaberrian, Telesforo Monzon Fundazioaren egoitza den Bergarako Olaso Dorrean, Txillardegiri buruzko erakusketa zabalduko da eta Euskal Herrian Euskaraz (EHE) taldeak mintegi bereziaren antolaketa egingo du. Azkenik, aurtengoan KORRIKA Donostian bukatzen denez, “Txillardegi Udal Liburutegia Herri Ekimena” taldeak ekimen berezia burutuko du “Txillardegi Udal Liburutegia”ren aldeko aldarrikapenak presentzia berezia izan dezan. Guztietan osasun neurriak hartuko dira.
Txillardegi Udal Liburutegia
Senitartekoek adierazi dutenez, “gure esku dagoen guztia egin dugu Txillardegiren heriotzaren X. urteurrenean, gaur arte izenik izan ez duen Donostiako Udaleko Liburutegi Zentrala Txillardegi Udal Liburutegia bihurtzeko ahaleginean. Joan den urtarrileko ekitaldian gure elkarteak deia luzatu zien beste eragile, idazle eta kulturgileei 2022ko X. urteurrenean helburu hori lortzeko beren ekimenak martxan jar zitzaten eskatuz. Zorionez, gure eskaera horrek bere emaitza izan du eta ehunka idazlek, kulturgilek eta unibertsitateko irakaslek beraien egitasmoa abian jarri dutela jakin dugu, 2022. urtean aitortza hori errealitate bihur dadin”
Eta horretarako, eskerrak emateaz gain, sostengua eskatu du Txillardegi Udal Liburutegia Herri Ekimena elkartearentzat. Kontu korronte bat ireki dute borondatezko ekarpenak jaso ahala izateko:
LABORAL Kutxa: ES31-3035 0075 47 0750058627
Bizum: Joseba Alvarezen 696755741 telefonoan eginez, “Txillardegi ekarpena” eginez.