Osakidetzan langileek pairatzen duten prekarietatea salatu dute sindikatuek anbulategietan
Lehen mailako arretako osasun zentroen egoera prekarioa salatzeko protestak egin dituzte gaur goizean. ELA, LAB, CCOO, UGT eta SATSE sindikatuek antolatu dituzte protestak, eta plantillak handitzea eta inbertsio handiagoa behar dutela nabarmendu dute.
Osasungitzako aurrekontua Europar Batasuneko batez bestekora igotzea eskatu dute, Barne Produktu Gordinaren %7ra, eta gutxienez 1.000 langile gehiago behar dituztela aldarrikatu dute. Bestalde, behin behineko milaka langile finkatzea eta gehiegizko aldi baterako kontratazioarekin amaitzea ere eskatu dute.
Azkenik, egoera larri honi aurre egiteko Eusko Jaurlaritzak “ezer ere egin ez duela” salatu dute: “Eusko Jaurlaritzak 2022rako aurkeztu berri duen Aurrekontuen Lege Proiektuak osasun arloko inbertsio bat aurreikusten du, 2021ean benetan gastatutakoa baino 16 milioi euro gutxiago gastatzea ekarriko duena”, adierazi du ELAk prentsa ohar bidez.
Donostiako osasun zentro askoren aurrean egin dituzte protestaldiak. Amarakoaz gain, Antiguan 40 bat lagun bildu dira, Egian 20 bat eta Grosen beste hainbeste.