Amara Berrin kaleko afari solidarioak emateko taldea sortu dute
Amara Berriko elkartasun afariak proiektua abiatu dute Gizarte Eskubideen Bulegoan. Egia eta Parte Zaharreko boluntario sareak eredutzat hartuz, kalean bizi diren edota janaria prestatzeko modurik ez dutenei afariak banatu nahi dizkiete auzoan.
Duela urtebete Parte Zaharreko lagun talde bat kalean bizi zirenei afariak ematen hasi ziren gauero eta hilabete batzuk geroago Egian beste talde bat sortu zen. Urteurrean egindako adierazpenetan, hiriko beste auzo eta txokoetan halako taldeak sortzeko deialdia egin zuten, izan ere, ez dute instituzioetatik aldaketa handirik espero.
Hala, Amara Berrin kaleko afari solidarioak ematen hasiko direla jakinarazi dute. Taldea sortu berri dute eta boluntario bila dabiltza. Lehen bilera informatiboa urtarrilaren 7an izango da 18:00etan CNTren egoitzan, (Ferrerias plazan). Horrez gain, Instagram kontu bat, helbide elektroniko bat (gipuzkoaods@gmail.com) eta telefono bat (688 60 20 80) jarri dituzte eskuragarri. Laguntzeko hainbat era daudela gogorarazi dute: kozinatuz, garraioan lagunduz, janaria banatuz, janaria prestatzeko materiala emanez… Laguntza guzTiak ongi etorriak direla nabarmendu dute.