Bihartik aurrera kanpoaldean maskara erabiltzea derrigorrezkoa izango da
Bihartik aurrera Hego Euskal Herrian derrigorrezkoa izango da kanpoaldean maskara erabiltzea, beti ere segurtasun distantzia mantendu ezin denean. Izan ere, koronabirusaren pandemiaren seigarren olatuan gaude orain, eta positibo kopurua inoizkoa baino altuagoa da egunez egun. Hau dela eta, Espainiako Estatuko autonomiek neurri berriak ezartzea eskatu diote Pedro Sanchezen gobernuari, eta batzuk jada hasi dira beren neurriak hartzen, Katalunia esaterako. Beraz, Espainiako Gobernuak hartu duen lehenengo neurria kanpoaldean maskararen erabilera derrigortzea izan da.
Honek, baina, gizartearen hainbat sektore haserrerarazi ditu; izan ere, hainbat ikerketek diote kanpoaldean maskararen erabilera ez dela hain eraginkorra kutsatzeak ekiditeko, eta nabarmentzen dute espazio itxietan egin behar dela esfortzu handiagoa maskararen erabilera bultzatzeko.
Hala eta guztiz ere, Espainiako Gobernuak hartutako neurri berri honek salbuespenak ditu. Maskara erabili beharko da gainontzekoekiko 1,5 metroko segurtasun distantzia mantendu ezin denean.