Xarma ikuskizuna estreinatuko du Oreka TX taldeak igandean Kursaalean
Igandean, hilak 26, Kursaal Auditorioan estreinatuko du Oreka TX taldeak Xarma ikuskizuna: musika, antzerkia, zirkua eta txotxongiloak batzen dituen ikuskizun handia.
Sinopsian jasotzen denaren arabera, “musika jotzeari ingelesez to play music esaten zaio, musika jolastea. Esaten dute ez diogula jolasteari uzten zahartzen garelako, jolasteari uzten diogulako zahartzen garela baizik”, eta Xarma ikuskizunean sorgindutako unibertso bat betetzen duten pertsonaiek berriz ere jolastu eta magian sinis dezagun akuilatzen gaituzte. Horri esker, mundu mailako estreinaldi hau Eguberri hauetan gozatzeko abagunea izango da.
“Barrualdetik maneiatutako txotxongilo erraldoiek eta jostailu handiek iruditeria magiko”a sortuko dute; eta musikariak biltzen dituzten elementu eszeniko erraldoi horiekin batera, eszenatokian ariko dira KUKAI DANTZAko dantzariak. Dantzaz gain, zirkua ere izango da. Maika Etxekoparek kantuz gidatuko du ikuskizuna.
Igor Otxoak zuzendu du obra, Harkaitz Mtez. de San Vicente zuzendari artistikoak eta Patxo Telleriak idatzitako gidoiaren bidez haritua. Bestalde, Ane Pikaza ilustratzaileak Xarmaren mundua islatu du ikuskizunaren irudi bihurtu den ilustrazio koloretsuan.
Ikuskizun horretarako sarrerak eros daitezke Kursaaleko leihatilan eta www.kursaal.eus webgunean (hori da sarreren online salmentarako bide baimendu bakarra).