Metroa: zulatzen jarraitzen dute
Donostiako Metroaren proiektua hiriak azken urteotan izandako proiektu esanguratsuenetako bat da, eta, aldi berean, eztabaida gehien sortu dituenetako bat. Zalaparta sortu zen iaz, Zubieta kalean bi zulo agertu baitziren. Lanak geldirik zeuden lehenengoa agertu zenetik, 2020ko ekainetik, baina aurtengo maitzaren 7an hirugarren zuloa agertu zen, Kontxa hondartzako aldagelen forjatuaren azpian. 138 metro kubikokoa izan zen zulo hori, orain arteko handiena.
Horrez gain, irailean zalaparta sortu zen berriz, EH Bilduk salatu baitzuen metroaren lanak egiten ari diren enpresek gutun bana bidali zietela Zubieta eta Zarautz kaleetako zenbait bizilaguni, dirua eskainiz metroaren lanek eragindako kalteen kalteordain moduan.
Azaroan, metroaren inguruko beste albiste esanguratsu bat izan zen, Espainiako Gobernuko Kostaldeetako zuzendaritzak baimena eman baitzuen Kontxako hondartzaren azpiko lanak berrartzeko. Gainkostuak aintzat hartuta, momentuz, 93,1 milioi eurokoa izango da lanen kostua.