"Milioi bat esker gure aretora etorri direnei"
Egiako Dabadaba aretoak oztopo askori aurre egin dio 2021ean. Hiriko kultur eskaintza aberastu ahal izateko, COVID-19aren ondorioz ezarritako neurri guztietara egokitu dira. Alex Lopez arduraduna pozik dago egin duten lanarekin, baina kezkatuta etorkizunarekin.
2021. urtea zaila izan da kulturarentzat. Pertsonalki eta Dabadaba aretoko arduradun gisa, urtearen zein balorazio egiten duzu?
Ahazteko urtea izan da, 2020a baino zailagoa eta ziurgabetasun gehiagokoa. Oso harro gaude aurrera atera ahal izan dugun programazioarekin. Guztira, 95 kontzertu izan dira eta 130 artista.
Horri gehitu behar zaizkio gaueko DJ saioak. Ahalegin emozionala oso handia izan da, Damoclesen ezpata etengabe sentituz geure buruaren gainean. Etorkizunean urte honi buruz pentsatzerakoan, kostako zaigu sinestea Dabadabak eta gizarteak pasa behar izan duten guztia.
Musikariek traba asko gainditu behar izan dituzte, baina baita sektorea osatzen duten gainerako profesionalek ere: teknikariek, musika eragileek eta beste. Areto pribatuek ez duzue beste batzuen fokua izan.
Sektoreko profesional batzuk elkartu egin dira. Adibidez, teknikariak. Hori pozgarria iruditzen zait. Kontzertu aretoei dagokienez, azaldu ez diguten arrazoiren batengatik, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailak atera dituen laguntzetatik aparte utzi gaituzte sistematikoki. Beste Bat egitasmoaren lehen zikloa salbu, gainerako deialdietan gure errealitatea baztertu eta laguntzak ostalaritzaren bidetik eskatzeko esan digute. Dena dela, laguntza horiekin ere, Kultura sailaren jokabidea eskasa irudituko litzaiguke. Umezurtz sentsazioa utzi digute.
Pandemiak eta ezarritako neurriek zenbat arazo sortu dizkiote Dabadabari?
Enpresaren egoera ekonomikoa hankaz gora jarri du. 2020ko martxoan ona zen, eta, orain, denen antzera, malabarismoak egin behar ditugu pilaturiko zorrari aurre egiteko. Hori izango litzateke gure arazo nagusia. Bestalde, egitura aldaketak egon dira, eta horiek agintzen dutenen ezjakintasunaren ondorioa dira. Adibidez, kontzertu areto bat agenda baten baliokidea da, eta agenda bat ezin da aurrera eraman murrizketa arbitrarioak ezartzen badira. Areto baten programazioa antolatzeko, epe ertainerako bermeak behar dira. Ordea, Eusko Jaurlaritzaren erabakiek logika hori lehertu dute. Azken batean, gure lana txikitu dute.
Maskarak, gelak, edukiera mugatu aldakorrak, eserlekuak, barra itxita, COVID ziurtagiria… Aipaturiko guztia kudeatzeko nola moldatu zarete?
Eserlekuen garaia, itzultzea espero ez duguna, oso astuna zen. Horrela ere, publikoaren inplikazioa eta kolaborazioa bikaina izan zen. Barrarik gabeko kontzertuak zentzugabeak ziren jasangarritasunaren ikuspegitik, baina kontzertu horiek mantendu genituen taldeekin genituen akordioak betetzeko. Eusko Jaurlaritzaren neurri aldaketa etengabeen beste adibide bat da.
Hain zuzen ere, erakunde publikoekin oso kritiko azaldu zarete sare sozialetan. Aipaturiko COVID ziurtagiriaren inguruan zuen iritzia plazaratu duzue. Orokorrean, zer da gutxien gustatu zaizuena?
Gehien mintzen gaituena da Kultura sailak esatea aretoak ez direla bere eskumenekoak. Ez dago kontzertu aretoen lizentzia propiorik, eta horrek gaueko aisialdiaren zaku berean sartzen gaitu. Ez dago lidergorik Kultura sailean. Lardaskeria hutsa da beraien kudeaketa.
Pandemia garaian nolakoa da kontzertu areto pribatu bat kudeatzea?
Erronka bikoitza da. Batetik, erantzukizuna dugu gure langileekiko, publikoarekiko eta eszenarekiko. Bestetik, publiko berria topatu behar dugu. Izan ere, pandemiak pertsona asko erretiratu ditu kontzertuetatik eta ekitaldi sozialetatik.
Dabadaba da Donostian aurten gehien programatu duen aretoa, eta Euskal Herrian gehien programatu duenetakoa. Aipaturiko traba guztiak izan arren, nola da posible?
Gustuko duguna eta egiten dakiguna delako, zuzenean jo nahi duten artista asko daudelako eta kontzertuak nahi dituen publikoa dagoelako. Hori ez dakit hiriarentzat eta Eusko Jaurlaritzarentzat garrantzitsua den, baina, guretzat, bai.
Zailtasun guztien gainetik, zuen eskaintza mantentzeak merezi izan du?
Itxaropena dagoen bitartean, bai. Dirudienez, murrizketak eta itxierak datoz, horrek dakarren guztiarekin.
Beldur soziala asko hedatu den arren, zuen publikoa mantendu duzue hein batean, eta kontzertuetako sarrerak agortu dituzue. Leialtasuna eskertzekoa da?
Bai, zalantzarik gabe. Milioi bat esker gure aretora etorri direnei. Baita ere, militatu dutenei, sarrerak itzuli nahi izan ez dituztenei eta zero eserlekuengatik ordaintzeko prest agertu direnei.
Bukatzeko, 2022a nolakoa izatea nahi duzue?
Konformatuko nintzateke lanean jarraitzeko aukera badugu gure edukiera eta ordutegi normalekin. Era berean, programatu ditugun artista bikain guztiak ekartzea gustatuko litzaidake. Batzuk iragarri ditugu, eta beste batzuk oraindik linbo batean daude. Sektorearen egituren erreformari dagokionez, ez naiz batere baikorra, beraz, ez dugu zentzu horretan apartekorik espero.