"Urte itzela izan da, bikaina, demasa"
Kontxako Bandera, Euskotren liga eta Euskadiko zein Gipuzkoako traineru txapelketak irabazi ditu aurten Donostia Arraun Lagunakek. Urtetan egindako lanaren emaitza dela uste du klubeko presidente Itziar Egurenek. Datorren urteari begira lanean hasita daude.
2021a ahaztezina izan da Donostia Arraun Lagunakentzat. Klubaren historiako onena da?
Bai, baliteke. Zorionez, klubaren 56 urte hauetan, momentu asko bizi izan ditugu, eta denak dira nabarmentzekoak. Gertatu zirenean, berebiziko garrantzia izan zuten klubari eman zioten indarragatik. Aurtengoa itzela izan da, eta, bai, momentu historiko onena da. Kontxako Bandera, liga eta txapelketak irabazi ditugu. Emakumezko traineru honek urrezko hizkiz nabarmendu du klubaren historia. Oso harro eta pozik nago.
Urtea nola laburbilduko zenuke?
Ahaztezina. Urte itzela izan da, bikaina, demasa. Zoragarria benetan. Oso hunkigarria. Gogorra eta borrokatua. Amore ematen uzten ez dizun urte horietako bat. Pertsonalki, asko irakatsi didan urtea izan da. Oso eskertua egongo naiz 2021ari. Oso urte latza izan da, baina erakutsi didanarekin eta bizi dudanarekin, gauzak beste modu batera ikusten eta ulertzen lagundu dit. Beste batzuek gu garena ulertzeko ere balio izan du. Hori garrantzitsua da.
Emakumezkoen denboraldia biribila izan da. Hasteko, Euskotren liga irabazi zenuten. Donostiako lehen taldea da hori lortzen. Zer nolako garrantzia izan zuen liga irabazteak?
Berebiziko garrantzia izan du klubarentzat, arraunlarientzat eta arraun munduarentzat. Liga parekatua izan dugu Oriorekin, emozioz beterikoa. Estropada batzuk irabazi eta galdu dira azken unean. Denboraldiak aurrera egin ahala, esperientzia pilatzen hasi ginen, eta emaitzak iritsi ziren. Adibidez, Donostian jokatzen den ligako estropada irabaztea oso garrantzitsua izan zen. Etxean izan zelako, gure jendearen aurrean.
Liga hasi aurretik taldeak horrelako maila ematea espero zenuen?
Neguan taldearen erreferentzia onak jaso nituen. Trainerua inoiz baino hobeto, azkarrago eta indartsuago zegoela esaten ziguten. Lan egiteko modu batzuk aldatu ziren, eta 2020ko denboraldia horren gogorra izan zenez, neskek arantza hori kentzeko gogoa zuten. Sekulako taldea osatu zuten. Beraien onena eman dute entrenamendu bakoitzean. Juan Mari Etxabe entrenatzaileak isileko lana egin du, eta argi zuen zer lortu nahi zuen. Etxabek ikusi zuen emaitza onak lortzeko taldea zuela. Pixkanaka, arraunlariak zukutzen, sekulako taldea osatu zuen. Estropadak hasi arte ez nuen argi ikusi, baina ordutik aurrera, maila onean ibiliko ginela konturatu nintzen.
Lau taldeko ligan lehiarik estuena Oriorekin izan zenuten. Noiz ikusi zenuen liga irabaztea posible zela?
Bai, egia da Oriorekin ibili ginela mokoka, zentzu onean. Baina begia kendu gabe Donostiarrari eta Hondarribiari, gure aurretik geratu zirelako hainbat estropadatan. Bizkaiko bi jardunaldiko asteburuan bi estropadak irabazi genituenean konturatu ginen liga irabazteko aukera genuela. Bilboko ibaian egindako estropadan errekorra ezarriz irabazi genuen, eta Santurtzikoan ere onenak izan eta sailkapenean abantaila hartu genuen. Hor argi geratu zen liga irabaztea zela helburua.
Irailean, berriz, Kontxako Bandera astindu zenuten. Historia egin duzue, Kontxa irabazten hiriko emakumezkoen lehen taldea zaretelako. Hilabete batzuen ondoren, lorpenaz zer duzu esateko?
Sentsazio politarekin nago oraindik. Irribarrea ateratzen zait. Lugañeneko bulegora sartzen naizen bakoitzean, elkarteko atea zabaldu eta ongietorria Kontxako Banderak egiten dit. Polita da ere kaletik zoazenean eta jendeak eskerrak ematen dizkizunean Kontxako Bandera Donostian geratu delako. Sari asko eman dizkigute irabazi genuenetik eta zoriontasun mezu asko jaso ditugu.
Udalarekin ere izan dugu elkarrizketa bat, beste tonu batean. Udalak ziurtatu digu ez dela baserria botako. Beste modu batera ikusten gaituzte orain. Gipuzkoako Aldundiak egin zigun harreran oso eroso sentitu ginen. Egia esan, Kontxako Banderak Lugañenea indartu du.
Ezin izan dugu behar bezala ospatu Donostian, baina oso polita izan da ospatu ahal izan duguna. Bestalde, gure garaipenaz poztu ez direnak ere ikusi ditut. Horrek dagoena erakusten dizu, eta argi dago gure poztasuna ez dela guztiena. Dena dela, guk ez dugu besteengatik irabazten. Gure klubarengatik egiten dugu. Gure balioetako bat da gauzak ondo egiten saiatzea. Oso esperientzia polita izaten ari da irailaren 12tik honainokoa, gertatzen ari den guztiarengatik, eta bizitzen ari garen momentu guztiengatik. Zortedunak gara lortu duguna txalotu digutelako.
Sailkatze estropada eta bi jardunaldiak irabazi zenituzten, estropada eremuko errekorrak ezarriz. Donostia Arraun Lagunaken aurtengo Kontxako Bandera perfektua izan da?
Ia perfektua. Nire ustez perfektua izango litzateke abuztuan Donostiako traineruen arteko sailkatzeko estropada bat jokatuko bagenu. Hori izango litzateke donostiar batek irabazteko Kontxa perfektua. Berdintasunean oinarritutako Kontxa bat, eta kiroltasunean oinarriturikoa. Gainerakoan, onenek egiten dakiten moduan irabazi genuen. Sailkatze estropadan onenak izanda, eta bi igandetan goi mailako ikuskizuna emanez Oriorekin batera.
Lorturiko guztiaren gakoak zeintzuk izan dira zure ustez?
Lana eta konfiantza. Helburuak jarri, eta horien bila joan ginen. Maila hau eman dute aurretik lan sendoa egin delako. Horrek eman dio proiektu honi oinarri indartsuago bat. Ekain Iriartek eta Patxi Olabek egindako lan onaren jarraipena izan da aurtengoa. Bi prestatzaile hauek, eta inguruan izan duten lan taldeak zein zuzendaritzak ahalbidetu du trainerua dagoen tokira iristea. Aldiz, arraunean beste maila batean aritzeko aukera Juan Mari Etxabe eta bere talde teknikoaren bidetik etorri da.
2022aren atarian gaude. Zer eskatzen diozu urte berriari klubarentzat?
Klubak daraman bide honi eustea eskatzen diot datorren urteari. Hainbeste lan egin ondoren, emaitzak jasotzen eta garai polita bizitzen ari gara. Bide beretik jarraitu nahi dugu osasunarekin, zentzuarekin, lanarekin eta elkarlanarekin, eta, noski, bizipozarekin. Kluba bizitzen ari den gorakadaz gozatu behar dugu.