Ertzain batek autoko leihoa apurtu ziela salatu dute urtezahar gauean Martuteneko presoei musika jartzen aritu zirenek
Martuteneko presoei musika eta animo oihuak igortzen aritu ziren herritarren autoko leihoa hautsita, diotenez, ertzain batek borrak kolpe batez hautsi ostean. (Argazkia: 'Argia') Urtezahar gauean, bost oñatiar Martuteneko espetxearen kanpoaldetik bi bozgorailurekin han dauden euskal presoei musika eta animo oihuak igortzen aritu ziren. Ordea, Argia hedabideak argitaratutako informazioaren arabera, ertzain batek borra kolpe batez autoko leihoa hautsi zien oñatiarrei.
“Ertzainak oso zakar etorri ziren, gu oso gutxi ginen eta lekukorik ez zegoen han. Hasieratik obsesionatu ziren ezer graba ez genezan, eta guk ere, ordura arte egiten ari ginen grabazioa moztu genuen. Autoa erregistratzen hasi zirenean, gutako kide batek esan zien eskubidea zuela ikusteko erregistroa, eta, besterik gabe, borrakada bat eman zioten; oraindik arrastoa du”, azaldu diote Argia-ri.
Egitasmoa gauzatu zuten herritarrek hamabost egun lehenago jakinarazi zioten Ertzaintzari egitasmo hori egitekoak zirela, eta ordubeteko baimena zuten: 23:15etik 00:15era. Ordea, aipatu hedabideari azaldu diotenez, ordu erdi inguru aritu ziren musika eta animo oihuak igortzen, eta abesti baten eta bestearen artean bolumena jaistean, presoen oihuak entzuten zituzten, kartzelaren barrutik: “Ordu erdiz aritu ginen esaten maite ditugula. Nahiz eta ordubeteko baimena izan, gure asmoa zen gauerdia arte irautea, batez ere, ez lata gehiegi ematearren, eta 00:00etan presoei zuzendutako irratsaio bat hasiko zelako. Azken abestia amaitzeko minutu bat falta zela, Ertzaintzaren bi patruila ziztu bizian iritsi ziren, derrapatuz sartu eta nahiko era bortitzean etorri ziren. Ostikoz bafleak bota eta musika eten zuten. Esan genien baimena genuela hor egoteko eta protesta egiteko, baina alferrik: moztera etorri ziren. ‘Baimena baduzue protesta egiteko, baina ez guateke hau muntatzeko’, esan ziguten”.
Jarraian, urtezahar gauean egin zuten egitasmoa:

