Txaparrene "guztientzat" segurua izatea nahi dute
Intxaurrondoko bizilagunek urteak daramatzate pasealekuan sortzen diren istripuak salatzen, eta udalari hainbatetan eskatu diote arazoari irtenbide bat emateko. Mobilizazio gehiago egitea aztertzen ari dira.
Oinezkoen eta bizikleten zein patinete elektrikoen erabiltzaileen arteko «elkarbizitza» da Intxaurrondoko bizilagunek eskatzen dutena. Denbora daramate Txaparrene pasealekuko egoera eta «segurtasun falta» salatzen. Donostiako Udalaren erantzun faltaren aurrean, elkarretaratzea egin zuten abenduaren 18an, Elkarbizitza Txaparrenen lelopean.
IZBE auzo elkarteak, Aitona-Amonen Etxeak, Artzak Ortzeok elkarteak eta Zulo Zahar elkarteak antolatu zuten mobilizazioa, eta trenbidea gurutzatzen duten Zabal Toki eta Filipene oinezkoentzako zubien aurrean elkartu ziren. «Oinezkoek tokia partekatu behar dute askotan oso abiadura azkarrean ibiltzen diren beste motatako erabiltzaileekin: txirrindulariekin, patineteekin eta autoekin, azken hauekin zati txiki batean bada ere», azaldu du Begoña Altzagak, IZBE auzo elkarteko kideak. Horrek «hamaika liskar, istripu txiki eta istripu larriren bat» eragin dituela gaineratu du.
Txaparrenen oinezko asko ibiltzen direla nabarmendu du Altzagak. Gainera, inguruan zaharren egoitza asko daudela dio, eta hortik ibiltzen direla paseatzen. «Gero eta patinete erabiltzaile gehiago daude, eta txirrindulariak ugaritu dira. Oinezkoekin ez dira bateragarriak».
Abiadura moteltzea
Udalari «behin baino gehiagotan» eskatu diote neurriak hartzeko, eta ondorengoa proposatu diote: «Txirrindulariek eta patinete erabiltzaileek abiadura moteltzea». Udala bizilagunen eskaera aztertzen ari da, baina aurreratu diete konponbidea ez dela erraza. «Guk ere hori badakigu, baina arazo bat dago, eta oinezkoen segurtasuna bermatu behar da», dio Altzagak.