Javier Hernaez Altzako parrokoak erretiroa hartu du
Javier Hernaez Altzako parroko pasaitarrak erretiro aurreratua hartzea erabaki du, 67 urterekin. Apaizek 75 urterekin hartu ohi dute erretiroa, baina osasun arrazoiak direla medio –prostatako minbizia izan zuen eta bihotzeko bat ere eman zion–, erretiroa hartzeko nahia aurkeztu zion iazko urrian oraindik Donostiako gotzaina zen Jose Ignazio Munillari (abenduan utzi zuen Munillak Donostiako elizbarrutia). Noticias de Gipuzkoa hedabideak eman du bere erretiroaren berri, parrokoari egindako elkarrizketa baten bidez.
Hernaez duela 40 urte iritsi zen Altzara, Larratxoko parroko gisa. Azken hamabost urteak Altzako lau elizatako parroko lanetan pasa ditu, eta oso ezaguna da auzokideen artean, bere gertutasunarengatik eta betidanik zaurgarritasun egoeran dauden herritarrak lagundu dituelako. Era berean, Munillaren kudeaketarekin eta jarrerarekin oso kritikoa izan da beti: besteak beste, Munillak homosexualen aurka egindako adierazpenak kritikatu izan ditu, bere kudeaketa “Erdi Arokoa” dela esan izan du, herriarengatik aldendu izana salatu izan du eta Gipuzkoako elizbarrutiaren ondasun higiezin ugari “inorekin kontsultatu gabe” saldu izana salatu du askotan.
Hamarkada luzez Altzan egindako lanarengatik, 2017an Hiritar Merezimenduaren Domina jaso zuen pasaitarrak. Azken egunera arte aritu da egoera zaurgarrian dauden pertsonak laguntzen, eta 2020an, esaterako, beharra zuten pertsonentzako janaria prestatzen hasi zen konfinamenduan. Hedabide honek elkarrizketa egin zion horren harira, 2020ko apirilean. Aipatu hedabideari eskainitako elkarrizketan azaldu duenez, parroko lanak utzi baditu ere, ez dio zaurgarrien alde lan egiteari utziko, Caritasen aterpetxeko jantokian boluntario gisa arituko baita hemendik aurrera.