Morlansko igogailuan banda horizontalak jarri dituzte, hegaztiek talka egin ez dezaten
Donostiako Udalak banda horizontal batzuk jarri ditu Morlansko igogailuan, hegaztientzako disuasio elementu gisa. Eguzki Erakunde Ekologista eta ingurumenaren arloko beste hainbat eragilek denbora daramate beirateetan halako elementuak jartzeko eskatzen, bestela hegazti askok talka egiten baitute. Horregatik, Eguzkik udaleko Ingurumen saila zoriondu du, Morlansko igogailuan disuasio elementuak jartzeagatik.
Hala ere, gogorarazi dute oraindik hegaztientzako “puntu beltz” asko daudela hirian, disuasio elementurik gabe; esaterako, Arcco merkataritza guneko beirateak. Iazko abuztuan, Agirre lehendakariaren zubian ere disuasio elementuak jarri zituzten.