Urtarrilean hiru bisita gidatu egingo dituzte Artikutzan
Udalak, urtea hastearekin batera, Artikutza Natura programa berrartu du, eta hiru bisita gidatu antolatu ditu urtarrilerako Artikutzan. Ibilaldietan parte hartzeko, jardueraren aurreko ostirala baino lehenago eman behar da izena, udalaren webguneko inprimakiak beteta, artikutzanatura@donostia.eus helbidera idatzita edo 679-61 30 16 telefonora deituta (astelehenetik ostegunera, 11:00etatik 16:00etara). 6 eta 16 urte bitartekoek 2,09 euro ordaindu beharko dituzte, eta 16 urtetik gorakoek 3,14 euro.
Hilabete honetako lehenengo irteera igande honetan, hilaren 16an, izango da. Trenbidetik Bianditzeraino joango dira, eta Bianditz gainetik kostaldea ikusi ahalko dute bisitariek.
Bigarrena hilaren 28an izango da, eta Urdallueko bailaratik Goizuetako burdinola zaharrera joango dira. Urdallueko bailara gurutzatuko dute, eta gero, Goizarineko burdinolara heltzeko, hariztien artean ibiliko dira. Itzultzeko, trenbide zaharraren bidea hartuko dute.
Azkenik, hilaren 30ean, Nazioarteko Ingurumen Hezkuntzako Egunean, Enobietako urtegia zenari buelta emango diote. Enobietako presa zeharkatuko dute, eta urtegia hustu ondoren sortutako ingurunea baliatzen duten espezieen nondik norakoak ezagutuko dituzte bisitariek, baita hustuketaren ondorioz agertutako zenbait berezitasun ezagutu ere.