Hogei pertsona inguru kaleratu dituzte Mundaiz kaleko eraikin batetik
Ertzaintzak Egiako Mundaiz kaleko 14. zenbakian bizi ziren pertsonak kaleratu ditu goizean, epaile baten aginduz. Goizeko bederatziak aldera Ertzaintzaren hainbat patruila bertaratu dira, eta gunea itxi dute, kaleratzearekin hasteko. Hainbat herritar ere hara joan dira, kaleratuak izango ziren pertsonei babesa adieraztera.
Hedabide honek jakin ahal izan duenez, han bizi ziren hainbat pertsonak azken egunotan utzi dute eraikina, bazekitelako kaleratzea gaur izango zela. Barruan gelditzen zirenak pixkanaka ateratzen joan dira, eraikinean zituzten objektuekin. 10:30ak aldera atera dira azkenak, eta ertzainek bukatutzat eman dute kaleratzea, eraikina itxiz. Eremu horretako eraikinak Adifenak dira, eta eraistea aurreikusten dute. 2019an sute bat gertatu zen inguru horretan, eta eraikina kaltetuta geratu zen.
Elkarretaratzea arratsaldean
Kaleratutakoei babesa adierazteko, kaleratzea salatzeko eta etxebizitza eskubidea aldarrikatzeko, elkarretaratzera deitu du Donostialdeko Okupazio Bulegoak gaur arratsalderako. 19:00etan izango da mobilizazioa, Tabakaleraren parean. Izan ere, egoera zaurgarrian dauden pertsonak dira Mundaiz kaletik bota dituztenak.