Elkarrekin Donostiak agerraldia eskatu dio udal gobernuari Altzan amiantoa agertu berri dela jakinaraz dezan
Donostiako Udalak aparkaleku bat egingo zuela jakinarazi zuen pasa den urteko otsailean, Felix Iranzo eta Sasuategi kaleak elkartzen diren alboko lursailean. Urtearen amaieran, berriz, amiantoa detektatu zuten lursailean eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Agintaritzaren erabakiaren menpe geratu da proiektua. Elkarrekin Donostiak agerraldia eskatu dio Udal Gobernuari agerraldiaren berri eman dezan.
“Aurkikuntza berri honek kezka larria sortzen digu”, adierazi du Haizea Garay zinegotziak. Lursailaren etorkizuna Eusko Jaurlaritzako ingurumen agintaritzaren erabakiaren menpe uztea erabaki du Udal Gobernuak. Hala ere, Garayk azpimarratu du material arriskutsu hori osasun publikorako “oso larria” denez, Udalak herritarrei jakinarazi behar diela zer urrats egin diren detektatu ondoren, eta ingurune horretan zer jarduketa egingo diren.
“Gobernuak aurretik bazekien Sasuategik, eta zehazki Eguzkitza gaineko zonaldean, lurzoruek amiantoa zutela, eta horregatik, hain zuzen ere, uko egin ziola leku hori baratze profesionalak sortzeko erabiltzeari. Altza inguruan, osasunarentzat hain kaltegarria den material horren aurkikuntzak etengabeak dira, eta, horrexegatik, Udal-gobernuak prospekzio gehiago egin beharko lituzke, Altzako lurraldeari eta bertako biztanleei eragiten dien benetako kutsadura zehazteko”.
Garayk hiriko amianto puntuen mapa bat egitea proposatu du, “lurzoruen kalitatearen gaineko kontrola handitzeaz eta analisiak zabaltzeaz gain etorkizunean pertsonen osasun arazoak saihesteko eta espazio publikoa material horretatik seguru eta libre mantentzeko”. “Denbora asko daramagu behin eta berriz esaten osasunerako arriskutsua den material hori dagoen puntu guztiak detektatu behar direla, eta, ondorioz, urtero proposatzen dugu aurrekontuetan partida bat sartzea hirian amiantoaren mapa bat egiteko, baina, urtez urte, Udal gobernuak ez du onartzen», gaineratu du.