Danborradako jantzi eta banderen erakusketa jarriko dute San Martin auzoan
San Martin Auzoa elkarteak, San Sebastian egunaren harira, auzoko danborraden konpainiak omenduko ditu. Aurten ere, ez da ohiko San Sebastian egunik izango, baina auzo elkarteak ekarpen berezi bat egin nahi izan du auzoa alaitzeko asmoz.
Hori dela eta, auzoko hainbat komertzioetan danborradetako jantzi eta banderak jarriko dituzte ikusgai, erakusketa moduan. Jantziak eskaini dituzten konpainiak Amigos del Europa, Atletico San Sebastián, Hotel de Londres y de Inglaterra, Ingeniariak eta Peña Anastasio dira. Jantziak ikusgai izango dituzten komertzioak, berriz, Ados Mobiliario, Hotel Europa, Hotel de Londres y de Inglaterra, Hotel Zenit Convento San Martín, Neu, Ugalde, Un Rincón para Ti eta Va Bene izango dira. Horrez gain, Danbor Nagusien txanoak, Tocados Oh dendan, banderak San Martin osasun zentroan eta makilak Sebastopol tabernan izango dira.
Donostiar eta bisitari guztiak gonbidatu nahi dituzte, auzoko kaleetatik ibili, eta jantziak ikustera. Erakusketa astelehenean, urtarrilaren 17an, jarriko da martxan eta urtarrilaren 23ra arte izango da ikusgai.