Sansebastianek badute soinu banda berria: danborradako errepertorioa osorik 8 bitetan
Benghoven donostiarrak gaur kaleratu du San Sebastian eguneko errepertorioa osorik 8 bitetan. Bere bandcamp orrian argitaratu du osorik Hyrulear Danborrada izenpean.
Benghovenen atzean Mikel Bengoetxea (Gros, 1993) dago. Iaz hasi zen proiektuarekin: “Iazko danborrada amaitzean, Polka buruan sartuta nuen, eta pentsatu nuen dibertigarria izango zela 8 bitetan”. 8 bitak, bideo joko zaharretan egon ohi ziren melodia motak dira. Uhin elektroniko sinpleekin egiten dira –harmonikorik gabe, alegia– eta gehienez lau pista erabiltzen dira.
Bengoetxeak ildo hori jarraitu du: “Kontsola zaharren soinua lortu nahi nuen eta. Lehen pistan doinu nagusia dago, bigarrenean akonpainamenduak, hirugarrenean grabeak eta laugarrenean perkusioak zarata zuriekin eginda”.
“Iaz hasi arren, oso poliki egin dudan proiektua izan da, eta aste honetan bukatu dut, azken orduan!”. Hala ere inoiz egin duen proiektu “errazena” dela uste du, Ableton ekoizpen programan erabilitako plugin bati esker egin duelako.
Hyrulean Danborrada
Izenaz galdetuta, Hyruleanek ez du ez Irutxulo, ez eta Hiru Txulorekin zer ikusirik. Nintendoko ‘Zelda’ jokoaren fikziozko mundua da Hyrulean hori. Aitortzen du berak ez duela inoiz Zeldara jolastu, baina bideo jokoen munduarekin lotura bilatu nahian “izen hori gustatu eta ez nion buelta gehiagorik eman”.
Benghoven ezizenarekin kaleratzen duen lehen proiektua da, baina aspalditik zuen gogoan musika kaleratzea, eta norabide honetan edo ez, gauza gehiago aurkeztuko dituelakoan prestatu ditu bandcamp orria, soundclouda eta instagram profila. San Sebastian egunaren bezperan, opari elegantea utzi digu donostiarroi.