Garaipenaren danbor hotsak
San Sebastian egunaren bezperan, Realak balentria eskura zuen, eta baita egin ere. Espainiako Kopako final-zortzirenetan Atletico Madril hartu zuten mendean Anoetan (2-0). Iazko ligako txapeldunak ez zuen aukerarik izan txuri-urdinei aurre egiteko. Izan ere, Realak partida serioa jokatu zuen lerro guztietan. Atzean sendo, eta aurrean erabakigarri. Adnan Januzajen burukada batek eta Alexander Sorlothen bakarkako jokaldi batek erabaki zuten kanporaketa.
Kalean hotz egiten zuen, baina zaleak bero zeuden neurketarako. Batzuk beroegi. Atletico Madrilen autobusari eraso egin zioten hainbat zalek, eta eguneko anekdota iluna bihurtu zen. Kristal hautsiez harago, errespetu handiko festa izan zen Anoetan bizitakoa. Donostiako Orfeoiak San Sebastian martxa eta txuri-urdinen ereserkia abestu zituzten neurketa hasi aurretik. 28.000 zaletik gora elkartu ziren futbol estadioan Reala babesteko, eta lehen minututik azkeneraino dena eman zuten.
Lehen zatian aurreratu zen Reala Januzajen golari esker. Joseba Zaldua donostiarraren erdiraketa ate barrura bidali zuen buruz. Aurrez, beste aukera garbi bat izan zuen belgikarrak, baina zutoinera bidali zuen baloia. Atletico Madrilek ere gola egiteko aukera izan zuen Carrascoren bidez, baina, zorionez, zutoinera bidali zuen berak ere. Atsedenaldira abantailarekin joan ziren txuri-urdinak, minutu onak jokatuta.
Aldiz, hobea izan zen bigarren zatia. Hasi eta gutxira Atletico Madrileko atzelarien huts galanta baliatu zuen Mikel Oiartzabalek baloia lapurtu, eta Sorloth aurrelari norvegiarrari abantaila emateko. Korrika batean abiatu zen atera, eta ezker hankarekin baloia Oblaken ate barrura jaurti zuen. Minutu gutxi batzuk beranduago, beste aukera garbi bat izan zuen Sorlothek, baina oraingoan Oblakek ondo gelditu zuen. Reala hirugarren gola egiten saiatu zen, defentsako lana irmotzen zuen bitartean. Gola ez zen iritsi, baina Remiroren atea ez zuen zulatu areriak. Cunhak izandako aukera garbia ondo gelditu zuen Realeko atezainak.
Txuri-urdinek hiriarentzat horren garrantzitsua den San Sebastian eguna ospatuko zuten zaleekin, eta elkarrekin, garaipenaren danbor hotsak jo zituzten. Bihar egingo da kopako final-laurdenetako zozketa, eta gainditu beharreko hurrengo kanporaketarako gogotsu daude txuri-urdinak.