Antigua, auzorik danborrariena?
San Sebastian eguna urteko egunik berezienetako bat da donostiar gehienentzat, eta auzo guztietan ospatzen da, danbor eta upel hotsek girotuta. Antiguan are bereziagoa izaten da, orduan egin ohi baitituzte auzoko jaiak, eta danborrada ugarik zeharkatzen baitute auzoa.
Donosti Zarra izan zen lehenengoa, 1896an sortu baitzen, baina hogeitik gora dira gaur egun urtarrilaren 20an Antiguako kaleak girotzen dituzten danborradak, San Sebastian eguna bera eta Antiguako sansebastianak ospatzeko. Istingorra, Sansustene, Baso Etxea… Ezagunak dira auzoko danborrada askoren izenak, baina ez dira horren ezagunak konpainia batzuek garai batean izandako izenak. Tomas Ezeiza Intxaustik Antiguako danborradek bizitako aldaketak jaso zituen 2003an, Antiguako danborradak liburuan.
Donosti Zarra bera, esaterako, Los Luises izatera pasa zen gerraostean, eta Antiguako Gazteen Danborrada da gaur egun.
Horrez gain, egungo Sansustene konpainia 1970ean jaio zen, Peña Taurina izenarekin. Zezenketa zaleen elkartea desagertuta, danborrada horrek Aitzgorri izena hartu zuen 1987an, eta handik bi urtera jarri zioten egungo izena, 1989an. Bestalde, Baso Etxeak ere aldaketaren bat edo beste bizi izan du, Peña Cilveti izenarekin jaio baitzen 1981ean, eta 1986an hartu zuen Baso Etxea izena.
XXI. mendean ere izan da izen aldaketarik, Hidalgo Berri danborrada sortu baitzuten 2000. urtean, baina hurrengo urtean hartu zuen Benta Berriko Lagunak izena, gaur egunera arte heldu dena.
Istingorrari kostatu zitzaion
Bitxikeria gisa, Antiguako elkarterik zaharrena da Istingorra –91 urte beteko ditu otsailean–, baina, horrela ere, bazkideek XXI. mendera arte itxaron behar izan zuten euren elkartearen izenean Sarriegiren doinuak jotzeko. Izan ere, 2005era arte ez zuten Istingorra danborrada sortu.
Ez Istingorrak ezta auzoko gainontzeko danborradek ere, ezin izan dituzte sansebastianak behar bezala ospatu, bigarrenez. Hala ere, auzoan historia egiten jarraitu nahi dute, eta 2023ra begira jarri dira; hirugarrenean izan beharko du!