Noren izena dugu, noren aurpegia?
“Zein da Donostiaren iruditeria? Noren izena dugu, noren aurpegia?”. Halaxe galdetu dute gaztelumenditarrek, zorrotz —hiriaren kronikalari hoberenak direla inork zalantzarik ba al du oraindik?—. Mandasko duke monarkikoa eta Canovas del Castilloren ministroa; Juan Urbieta Espainiako militarra; Francoren gorpua oraindik bero zegoela idatzitako Espainiako Konstituzioa; Kristobal Kolon, itsasoan galdu eta kontinente oso baten sarraskia abiatu zuena…
Ez naiz ni aldareak, ez eta santuak egitearen aldekoa. Baina behin hasita, nor gurtzen du hiriak, eta nor egurtzen? Flâneur-aren psikogeografia ariketan, plaka horiek ez dute garrantzia handirik. “Txikikeriak” dira. Baina Iñaki Azkunak baldin badu Bilbon albondigarik –ez dut inoiz jakin nola idazten den–, Txillardegik merezi du liburutegi bat. Eta historia manipulatu nahi ez duen hiri bat.