Martuteneko istripuari buruzko interpelazioa baztertu du udal gobernuak
Urtarrileko osoko bilkuran, EH Bilduk premiazko interpelazio bat aurkeztu du Martuteneko istripuaren inguruan hitz egiteko. Elkarrekin Donostiak eta PPk bat egin dute eskaerarekin, baina EAJk eta PSE-EEk atzera bota dute eskaera, eta eguneko gai zerrendatik kanpo geratu da. Garbiñe Alkiza zinegotziak udalbatzari ondorengo interpelazioa zuzendu dio: “Zer dela eta ez ditu udal gobernuak Arantzazuko Ama ikastolaren inguruan bestelako neurriak hartu orain arteko arriskuak saihesteko eta aste honetan izandako istripuaren antzekorik ez gertatzeko?”.
Sozialistek ez dute hitzik hartu, baina jeltzaleek premiazkotasunaren kontra bozkatzeko arrazoiak eman dituzte. Jon Insausti EAJko bozeramaileak adierazi du istripuaren inguruko informazio gehiago behar dela “erantzun on” bat emateko gertaturikoari: “Istripuaren arrazoiak jakin behar ditugu, eta ez dakizkigu. Informazio guztia izaterakoan hona etorriko gara azalpenak ematera, eta, neurriak hartu behar badira, zeintzuk diren esatera”. Bestalde, Insaustik udalbatzarraren prozedurari egin dio erreferentzia interpelazioari babesik ez emateko: “Astelehenean gertatu zen istripua, eta asteartean egin genuen udalbatza antolatzeko bilera. Aldiz, atzo erregistratu zen eskaera. Eskertzekoa litzateke udalbatza antolatzeko bileran horrelakoen berri ematea”.