Ikastolako haurren segurtasuna bermatzeko eskatu dute gurasoek
Martutenen astelehenean gertaturiko istripuak auzotarren kezka areagotu du. Auto batek talka egin zuen Arantzazuko Ama ikastolako hesiaren kontra, eta jolastokira sartu zen. Auto barruan zihoazen bi emakumeek zauri arinak izan zituzten, eta ikastola barruan ez zuten bestelako kalte pertsonalik eragin. Istripua dela eta, Arantzazuko Ama ikastolako guraso elkarteak idatzi bat plazaratu du. Gertaturikoak «ikastola eta BHIko hezkuntza ingurunea astindu» dituela adierazi dute. «Izututa» daude ikasleak, irakasleak, jantokiko zaintzaileak, bizilagunak eta familiak. «Ez bakarrik istripuaren itxura larriagatik, baizik eta berria ez den sentipen bat delako», nabarmendu dute.
Horiek horrela, Donostiako Udalari neurriak hartzeko eskatu diote: «Hauxe eskatu diogu behin eta berriz: bihurgunearen ondoren eskola ingurunean sartzen dela adierazten duen seinale egoki bat jartzea, eta abiadura murrizketa egokia ezartzea. Baita ere, espaloia eta errepidea bereizten dituen hesi bat jartzea, gure seme-alabak babestuko dituen hesi egoki bat».
Udalarekin «haserre»
Ikastolako guraso elkartea haserre agertu da udalak oraindik ez dituelako behar beste neurri jarri eremuko segurtasuna bermatzeko: «Lotsagarria eta onartezina iruditzen zaigu gutxieneko neurri horiek, gaur egun ikusi denez nahikoak ez direnak, udalak oraindik ezarri ez izana. Gure kasua berrikustea eta haur horiek babesteko neurriak hartzea eskatzen dugu, jolastokian dauden bitartean eta egunero ikastetxetik sartu eta irteten direnean».