La Sirena aterpetxearen protokoloa bere horretan mantenduko du udalak
Etxegabeentzako gaueko ate irekien zerbitzua kostaldean izotz arriskua dagoenean irekitzen dute. Irizpide hori aldatzeko eskatu dute Hiritarron Harrera Sareak, EH Bilduk eta Elkarrekin Donostiak. Neguko aterpe iraunkor bat behar dela gaineratu dute.
Neguko solstizioa abenduaren 21aren inguruan hasten da Donostian. Urtaro hotzena izanik, etxegabeentzako baliabide berezi bat aktibatzen du Donostiako Udalak: ate irekien zerbitzua. Azken urtetan, Abegi etxean eta Uba zentroan eskaini izan dute, eta gaur egun Antiguako La Sirena aterpetxeak eskaintzen du aipaturiko baliabidea. Abendu hasieratik, La Sirenak zeresana eman du neguko gau hotz batzuetan udalak ate irekien zerbitzurik eman ez duelako. Donostiako Hiritarron Harrera Sareak aterpetxea neguan gauero irekitzeko eskatu du behin eta berriro. Udalak, ordea, zerbitzua eskaintzeko ezarritako protokoloa betetzera mugatuko dela adierazi du.
Ate irekien zerbitzua abian jartzeko protokoloa ondorengoa da: kostaldean izotz arriskua iragartzen denean irekiko da gaua pasatzeko egoitza bat. Ez da zehazten gutxieneko tenperatura bat. Esan bezala, zerbitzu hori eskaintzeko udalak hautaturiko lekua La Sirena aterpetxea da. Azaroaren 16an aktibatu zuten etxegabeentzako baliabidea, eta martxoaren 31ra bitarte iraungo du. Hilaren 24ra bitarteko datuen arabera, aterpea zazpi gauetan ireki dute. Etxegabe gutxien artatu zituzten gaua, hilaren 14tik 15era bitartekoa izan zen –37 pertsona–. Aldiz, gehien hartu zituzten gaua hilaren 21etik 22ra artekoa izan zen –60 pertsona–.
Urte hasieratik, Hiritarron Harrera Sareak hainbatetan ohartarazi du La Sirena aterpetxea itxita egon dela hotz handiko gauetan. Urtarrilaren 14an egindako salaketa eraginkorra izan zela uste dute sarekoek. Izan ere, salaketa plazaratu zuten egun berean ireki zuten aterpetxea. «Bitxia da gure salaketa plazaratu genuen egun berean, udalak aterpetxea ireki izana. Larunbat, igande eta astelehen gauean irekita egon zen, baina asteartean berriz itxi zuten tenperatura zertxobait gehiago igo delako», azaldu du Garazi Montuschik, Harrera Sareko boluntarioak.
Hilaren 14tik 18ra ireki zuten gauez La Sirena, eta 19an itxita egon zen 20an berriz ere zabaldu zuten arte. «Zentzugabea da egun batez itxi eta gero berriz ere irekitzea. Beste hiri batzuetan neguko aterpetxeak daude. Azaroan ireki eta martxora arte zabalik dagoen aterpetxe bat behar du Donostiak. Soilik egun batzuetarako irekitzen den aterpetxe batek ez ditu beharrak betetzen», nabarmendu du Montuschik.
Etxegabeentzako «azken baliabidea»
Eneko Goia alkateak La Sirena aterpetxearen inguruan hitz egin du aste honetan. Goiak nabarmendu du La Sirenako ate irekien zerbitzua etxerik gabeko pertsonek hirian eskura duten «azken baliabidea» dela. «Udalak baliabide hori baino gehiago eskaintzen ditu».
Horrekin batera, Goiak adierazi du Donostiak legeak ezartzen duena betetzen duela, eta inguruko hainbat udalerrik ez dituztela baliabide guztiak jartzen. «Udalak urteko 365 egunetan 181 plaza ditu etxerik gabekoei zuzenduak, modu finkoan. Gainera, aipatzekoa da Donostia dela Gipuzkoako udalerri bakarra legeak ezartzen dituen zenbakiak betetzen dituena. Jakin badakigu Gipuzkoan 179 plaza falta direla jartzeko. Denok ditugu ardurak eta betebeharrak».
Protokoloa
Harrera Sareak ez ezik, EH Bildu eta Elkarrekin Donostia udal taldeek ere La Sirena neguan irekita mantentzearen alde agertu dira, eta protokoloa aldatzeko eskatu diote udal gobernuari. «Martxoa bukaera arte irekita egotea eskatzen dugu, hara joaten diren pertsonekin lan integrala egin ahal izateko», adierazi du Olaia Duarte EH Bilduko zinegotziak. Aitzole Araneta Elkarrekin Donostiako bozeramaileak esan du aterpetxea ez dela «modu arbitrarioan» ireki eta itxi behar: «Kalean bizi diren eta zerbitzu hori behar duten pertsonak daude». Ate irekien zerbitzua negu osoan eman behar dela uste du Aranetak: «Protokoloak dio tenperaturak zero gradu ingurukoak izan behar direla ireki dadin, baina baliabide hori egonda, ez du zentzurik itxita egotea gauetan egiten ari den hotzarekin».
Konfinamendu garaian, udalak La Sirena aterpetxean etxegabeekin egindako lana berreskuratzeko eskatu du Duartek: «Gauero, etxerik gabeko 100 pertsonak baino gehiagok pasatu zuten gaua han. Eta gogoratu behar da, era berean, Arartekoak zerbitzu hori ematen jarraitzea gomendatu zuela konfinamendua igaro ondoren, zerbitzu horrek pertsona horien bizitzan eta gizartean sortu zuen onura argudiatuz».
Bestalde, EH Bilduko zinegotziak nabarmendu du Donostiako kaleetan gero eta etxerik gabeko jende gehiago dagoela: «Edonork ikus dezake eta Eusko Jaurlaritzak egindako azterketen eta pobrezia inkestek baieztatzen duten bezala. Udal gobernuak berak zenbait txostenetan onartu du gero eta pertsona gehiago daudela kalean, eta jantoki sozial pribatuetako plazak itxi eta murriztu direla». Egoera horri aurre egiteko udalak dituen baliabideak «ez dira nahikoak», Duarteren iritziz. «Gainera, erroldatu gabeko pertsonek edo egoera administratibo irregularrean daudenek ezin dituzte zerbitzu hauek erabili».
La Sirenako protokoloari dagokionez, Goiak esan du udalak «gutxienez» azken hamar urtetan erabili duena dela. Datuak ematearekin batera, Donostiaren inguruan dauden herriak seinalatu ditu baliabideak jar ditzaten. «Nik dakidala antzeko hotza egiten du Astigarragan, Hernanin edo Donostian». Protokoloa aldatzeko aukeraz ere mintzatu da: «Aukera izan dezake udalak protokoloa aldatzeko, baina beste udalerri batzuek ere baliabideak jartzeko aukera daukate».
Afari solidarioen garrantzia
Parte Zaharrean, Egian eta Amaran afari solidarioak ematen jarraitzen dute hainbat herritarrek. Harrera Sareko Montuschik boluntario horiek egiten duten lanaren garrantzia nabarmendu du: «Afaltzen ematen dieten etxegabe askok ez dakite La Sirena noiz dagoen irekita. Askotan boluntarioak izaten dira informazio hori ematen dietenak. Beste batzuetan beraien artean hitz egiten dute, eta baliabide hori eskura noiz duten jakiten dute. Etxegabeak oso pozik daude afariekin eta La Sirena aterpetxean eskaini dieten zerbitzuarekin».
Boluntarioek afariak banatzen jarraitzen dute, atsedenik gabe. Agus Rodriguez boluntarioak egunez eguneko afari banaketaren jarraipena egiten du. «Batez beste 50 afari ematen ari gara. Zerbitzua jasotzen duten etxegabeek maiz errepikatzen dute jateko beharra dutelako». Baliabide hori ematen jarraituko dutela berretsi du.