Otsailaren 1ean irekiko dute Paco Yoldi kiroldegiko gimnasio berria
Amara Berriko Paco Yoldi kiroldegiko gimnasio berria prest dago. Otsailaren 1ean irekiko dute erabiltzaileentzat. 600 metro koadroko azalera du eta 322.000 euroko inbertsioa egin du Donostia Kirolak. Horrekin batera, hilero 10.000 euro inguruko mantenu gastua izango du gimnasioak alokairuan harturiko makinengatik.
Taberna eta jarduera aretoak zeuden lekuan eraiki dute gimnasio berria. Igerilekuari begira dagoen eremu kardiobaskularrak hainbat motatako 55 makina (korrika egiteko zintak, bizikletak, ergometroak, eliptikoak eta abar) ditu. Merkatuko makinarik modernoenetakoak dira; hala nola, eski simulagailuak, zinta gurpildun kurbatuak, air bike delakoak eta eskailera simulagailuak.
Makina gidatuekin indarra lantzeko eremuan, beste hamaika makina jarri dituzte. Horiekin gihar talde guztiak landu ahal izango dituzte erabiltzaileek: bizepsak, koadrizepsak, deltoideak, abdominalak eta abar. Horrez gain, pisu libreko eremuak hainbat banku mota ditu, eserlekuetarako makinak, power rack jasotze plataformak eta beste. Pisu libreen aukera zabala ere badago, besteak beste, olinpiar barrak eta 42 kilorainoko halterak. Azkenik, eremu funtzionalean poleak, uztaiak edo TRX-ak dituen egitura bat jarri da, baita luzatze eremu bat ere. Lan funtzional horretarako hainbat material ere jarri da eremu horretan: dominatuen barrak, boxeo-zakua, baloi funtzionalak, gudu sokak, mini tranpa eta abar.
Makinek Bluetooth teknologia dute, kanpoko gailuekin konektatzeko eta erabiltzaileek entrenamenduak erregistratu ahal izateko eta lan kontrolatuagoa egin ahal izateko, gimnasioko monitoreak aholkatuta. Ildo horretan, erabiltzaileek aplikazio propio bat deskargatu ahal izango dute horretarako.
Horma irudiak
Paco Yoldi kiroldegiko gimnasio berria apaintzeko bi horma irudi egin ditu Nextor Otañok, 18 urteko artistak. Hiriko lehen gimnasioa da halako horma irudiak dituena. Donostia Kirolarekin elkarlanean, kirola eta erretratu errealista uztartu ditu. Hedabide honi adierazi dionez, astebetean margotu ditu bi horma irudiak. Arrobitxuloko bolatokiko obra ere Otañok egin zuen.