Espainiako Gobernuaren lan erreformaren kontra atera dira sindikatuak

Milaka lagun mobilizatu dira Donostian eta Hego Euskal Herriko gainontzeko hiriburuetan, ELA, LAB, Steilas, ESK, Hiru eta Etxalde sindikatuek deituta, Espainiako Gobernuak onartu nahi duen lan erreforma berriaren kontra.
PSOE eta Unidas Podemosen gobernuaren erreforma asmoa kritikatu dute eta bere hitza ez duela bete uste dute: “Espainiako gobernuak, CCOOk, UGTk eta CEOEk adostutako lan erreformak 2010 eta 2012 urteen arteko lan erreformen hezurdura mantentzen dute. Langile klasearen pobretzea bilatzen zituzten tresna ia guztiak mantenduko dituzte hemendik aurrera ere”.
Ostegunean bozkatuko da erreforma, eta euskal alderdiei kontrako botoa emateko deia egin diete. Aldarrikapenen artean, besteak beste, negoziazio kolektiboa “estatuko marko inposatzailean mantentzea” eta langileen kaleratze prozedurak ez aldatzea daude. Sindikatuen ustez, “Kaleratze erraza langileentzako prekarizazio eta ziurgabetasuna eragiteko tresna da eta horregatik ezarri dio patronalak betoa honen aldaketari”.
Lan harremanetarako esparru propioa
Sindikatuek, “Euskal Herrian lan harremanetarako esparru propioa eratzeko urratsak” egiteko deia egin dute. “Euskal langileon lan eta bizi baldintzen inguruko erabakiak Euskal Herrian hartu behar dira, eta ez Madrilen”.
Azkenik, otsailaren 2an lan erreformaren kontra mobilizatzeko deia egin dute sindikatuek, lantokien aurrean egingo diren kontzentrazioetan parte hartuz.