Izurde talde bat Donostiara etorri da asteburuan
Izurdeetako bat, Zurriolako morruaren parean. (Argazkia: Xabier Saralegi/Itsas Enara) Bisitari ezohikoak iritsi dira asteburuan Donostiara: izurde handiak. Hain zuzen ere, larunbat goizean hamar bat aleko talde bat Pasealeku Berrira gerturatu zen, handik zebiltzan herritarren harridurarako. Itsas Enara Ornitologia Elkarteko Xabier Saralegi eta Javier Ferreres ere hor zeuden, eta bideoan grabatu zituzten animaliak.
Itsas Enarak azaldu duenez, izurde espezie hori ez da oso ohikoa euskal kostaldean, eta segur aski, “arrantzan” ari zirela iritsi ziren Donostiara. “Hamar bat izurdeko taldea Pasealeku Berrira hurbiltzen joan zen, eta lau bat ale Urumearen bokalean sartzen joan zen, Kursaalaren morruaren parean. Ziur aski, arrain sardaren bat jarraitzen ariko ziren”, gaineratu dute elkartekoek. Ingurutik hainbat minutuz egon ondoren, pixkanaka, urruntzen hasi ziren, itsasorantz.


