Loiolako zeharbideko lanak amaitzear direla, landaketa herrikoia egin dute bizilagunekin
Gaur, goizeko 10:30ak aldera, Loiolako hainbat bizilagun hurbildu dira topoaren geltoki ondoko bizikleta aparkaleku berriaren inguruan landareak landatzera. Inguruan egongo diren berdeguneek 2.500metro karratuko eremua hartuko dute.
Marisol Garmendia Ekologia zinegotziak adierazi duenez, esperientzia pilotu horren bidez, “herritarrak inplikatu nahi dira auzoko berdeguneak eta lorategiak zaintzen”. Laster hiriko beste zonalde batzuetan horrelako esperientzia berriak izango direla adierazi du.
Garmendiarekin batera, Hiri Proiektuetako zinegotzi Duñike Agirrezabalagak ere parte hartu du. Adierazi duenez, udalak “Loiolako fisonomia goitik behera aldatuko duen obra, otsailaren amaierarako amaitzea espero du”, egonaldi eta aisialdirako espazio zabalak, 110 zuhaitz eta trafiko lasaiagoa zituen helburu proiektuak. Artelekuko obrak hasi berri direla eta, “auzoari aspaldi zor zitzaion” eraldaketa martxan dela aitortu du.
Loiolako zeharbidea azken asteetan ireki dute bizilagunentzat eta lanak amaitzear dira. Igogailu berriaren inguruko erremateak eta “xehetasun txikiak” geratzen diren arren, obra otsaila bukaeran erabat amaituta egotea aurreikusten du udala.