Parte Zaharreko bizilagunak Goiarekin haserre daude, terrazen auzia dela eta
Parte Zaharrean Bizi auzo elkartea haserre agertu da Donostiako Udalarekin, terrazen ordenantza dela eta. Izan ere, urtarrilaren 27ko osoko bilkuran, EAJk eta PSE-EEk, PPrekin batera, terrazei buruzko ordenantza berri bat bultzatzea onartu zuten, bizilagun elkartearen iritziz, “larrialdi egoeran COVID-19ari aurre egin asmoz, eta salbuespenez baimendutako terrazen zabaltzeak behin-betiko baimenduz”.
Bizilagun elkarteak salatu duenez, Parte Zaharrean “aspaldi da ezin dela lorik egin”. “Lurzoru publikoa pixkanaka pribatizatzen ari da, eta zerbitzuen eta ekipamenduen murrizketa nabarmena da. Bizilagunoi ezinezkoa egiten zaigu eguneroko bizitza”. Bretxako Arrandegi eraikinaren eraldaketan, 1.000 metro koadroko ostalaritza gune berri bat jartzea erabaki dela kritikatu dute.
“Udaleko osoko bilkuraren gehiengoak (EAJ, PSE-EE eta PP) ostalaritzari espazio publikoaren erabilera handiagoa ematea erabaki duenean, kolektiboaren, komunitatearen eta auzoen nagusitasunaren porrota irudikatzen ari da, interes partikularren aurrean. Ostalarien logika erabat onartzen da. Izan ere, espazio publiko gehiago emateaz gain, botere publikoek 22 milioi euroko konpentsazioa emango diete osasun-neurriak direla medio, haien jarduera mugatzeagatik. Neurri horiek herritarrak COVID-19tik babesteko hartu dira”.