Ategorrietako hamabi familiak bizi duten egoera salatuko dute
Kaleratzeak Stop taldearen eta Azorako Maizterren elkarretaratze bat, Pinudi plazan. (Argazkia: Aitor Odriozola) Larunbatean, hilaren 5ean, Azoraren Maizterrak, Kaleratzeak Stop eta Alokairu-Bentaberri plataformak berriz ere elkartuko dira Groseko Pinudi plazan, 11:30ean. Izan ere, han dago Azoraren egungo egoitza. Ategorrietako hamabi familiari babesa adierazi eta bizi duten egoera zaila salatuko dute.
Bi familia etxegabetze arriskuan daude. Bati kontratua bukatuko zaio martxoaren 16an, eta besteari apirilaren 27an etxea uzteko esan diote errentak ez ordaintzeagatik. Bestalde, kontratua bukatu zaien beste hamar familia daude, eta Azorak jakinarazi die kontratua berritzeko %33ko alokairu igoera onartu behar dutela.
“Hamar familia horiek esfortzuarekin ordaintzen ari dira 750 eta 900 euro arteko alokairuak, eta ezin diote aurre egin %33ko igoera ordainezinari. Beraien borroka zazpi urteko kontratu berriak sinatzea da, egungo errenten gaineko KPIaren igoerarekin. Herritarren mobilizazioarekin eta udalaren bitartekaritzarekin eragotzi nahi dute putre funtsak etxegabetze demandak bertan behera uztea”, azaldu dute hiru plataformek.
Udalbatzak bi mozio onartu ditu -iazko iraileko eta abenduko udalbatzarretan–, bere bitartekaritzaren bidez Azoraren politika “harraparia” galarazteko. “Hau da, bere etekinak handitzen jarraitzea familia apalak beren etxebizitzetatik ateratzearen kontura. Izan ere, familia hauek dozenaka urte daramatzate bertan bizitzen eta udalak gurekin defendatu behar du etxebizitza eskubide soziala dela eta ez irabazizko negozioa”, salatu dute.


