Uda hasieran irekiko dute Altzako udal kiroldegi berria
Altzako udal kiroldegi barruko igerileku berriak. (Argazkia: PSE-EE) Altzako udal kiroldegi berriaren lanak azken fasean daudela jakinarazi du PSE-EEk. Uda hasierarako irekita egongo dela iragarri dute Marisol Garmendia sozialisten bozeramaileak eta Duñike Agirrezabalaga Hiri Proiektuen zinegotziak. Obra bukatzean, Donostia Kirolaren esku geratuko da kiroldegia instalazioak tresneriarekin hornitzeko.
Sozialistek zabaldu duten bideo baten arabera, kiroldegiaren erabilera anitzeko gunea prest dago. Besteak beste, gimnasia erritmikoa egin ahal izango dute zona honetan. Garmendiak nabarmendu du kiroldegiak espazio handiak dituela, “diseinu zaindu eta berritzaileekin”. Horrekin batera, esan du Altzako biztanleak “harro” egongo direla ekipamendu berriarekin. Bestalde, Agirrezabalak azaldu du kiroldegiaren ingurua urbanizatzeko lanak eta kanpoko igerilekuak eraikitzeko obra “bide onetik” doazela.


