Zurriola pasealeku azpiko kolektorea berritzeko lanak hasi dituzte
(Argazkia: Donostiako Udala) Donostiako Udalak Zurriola pasealeku azpiko saneamendu kolektorea aldatzeari ekin dio. “200 metro linealeko zatia da eta ez zegoen baldintza egokietan”, azaldu du Miguel Angel Diezek, Hiri Mantentze Lanetako zinegotziak.
Lanak 1.325.035 euroko aurrekontua du eta sei hilabetez luzatuko da. “Obra oso garestia da, baina kolektorea ez zegoen ondo, eta kolapsotik gertu zegoen”. Obrari ekitea erabaki du udalak, hondartzara ur beltzak isuri ez daitezen. Uztailerako edo abuzturako lanak bukatuta egotea aurreikusten dute.
Zurriolako kolektorea saneamendu sare orokorrekoa da. Groseko, Egiako eta hiriko beste eremu batzuetako hondakin urak Sagueseko ponpaketa estaziora eta araztegira eraman ditu tratatzeko. “Azken ikuskapenetan, kolektorearen hormetan higadurak eta barrunbeak antzeman ziren, eta, beraz, zati hori erabat berritzeari ekin zitzaion, aurrez fabrikatutako galerien bidez. Galeria horiek sarbide putzuetatik sartuko dira, eta multzoaren mihiztaduraraino bultzatuko dira”, esan du Diezek.
Aste batzuk lehenago, Lapurdi plazako hamar palmondoak haztegi batera eraman zituzten, eta obra bukatzean itzuliko dira zeuden tokira. Plazaren inguru horretan dago obrako jarduerarik handiena, sarbide putzuak hor daudelako. Obra Aita Claret plazara iritsiko da eta kolektorea martxan dagoela egingo da, segundoko 200 litrokoemariarekin eta 0,30 metroko batez besteko mailarekin. Euria egiten duenean, langileen segurtasunak uzten duen guztietan lan egingo da.


