'Aukera berri bat' erakusketa Aieteko Kultur Etxean ikusgai
Aukera berri bat erakusketa antolatu dute Emaus Gizarte Fundazioak, Donostia Kulturak eta Aiete Kultur Etxeak elkarlanean. Emaus Gizarte Fundazioak kudeatzen duen Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politiken eguneko zentroak burututako proiektua da.
Erakusketa honek gizarte bazterketa jasan duten pertsonen gaitasunei balioa eman nahi die, “gizarte justuago bat eta duintasunez bizitzea sustatzeko helburuarekin”. Aiete auzoan zaborretik berreskuratutako eta Emaus Munto Bitartean eguneko zentroan zaharberritutako objektuak eta altzariak daude ikusgai.
“Kaletik” datorren erakusketa da. Auzoan hondakin gisa tratatzeko kalean utzitako objektuak erabili eta guztiz eraldatu dituzte. Hondakinak baliabide bihurtu dituzte, eta auzotarrekin partekatu nahi izan dute, baztertuta zeuden objektuak eder eta atsegin bihurtu daitezkeela erakusteko.Elkarlanean egindako lana izan da, eta komunitatearekiko loturen garrantzia nabarmentzen du antolatzaileen arabera.
Otsailaren 4ean irekiko dute erakusketa eta martxoaren 27ra arte egongo da zabalik Aieteko Kultur Etxean. Asteartetik ostiralera 16:00etatik 20:30era bisitatu daiteke, larunbatetan 10:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara eta igandetan, 10:00etatik 14:00tara.