Artzain Onean azken agurra Xalbadorri
Euskal Herriko bertsolari ezagunena ez bada, ezagunenetakoa da Urepeleko artzain, Xalbador. Donostiak eta gipuzkoarrek, hasiera batean ondo hartu ez bazuten ere, agur hunkigarria eskaini zioten Artzain Onean 1976ean.
Fernando Aire Etxart izenez jaio zen, Nafarroa Behereko Urepele herrian, Xalbadorrenea baserrian, 1920ko ekainaren 19an. Sortetxeak eman zizkion “izana eta izena”, berak zioen bezala.
Hamaika urterekin eskola utzi zuen, frantses irakasleekin gogaiturik: “Errientaren eta ene artean, frantses hizkuntzak egiten zuen harresi bat ikaragarria. Etzen ez nuelakotz konprenitzen; bainan ez nuen deus ere egiten haren ikasteko. Ez nuen nahi ene burua frantsesez mintzo aditu; eta frantsesez mintzo zelakotz eta euskara hastio, nuen nik ere ene aldian gure errienta hastiatu”, kontatzen du Odolaren mintzoa liburuan. Hamalau urterekin artzain lanetan hasi zen, eta hamaseirekin bertsotan. Euskal Herriko bertsolari “handiena” izatera heldu zen, askoren iritziz.
Bizirik zela, hiru omenaldi jaso zituen: lehenengoa, Donostian 1969an Bertsolari Egunaz; bigarrena, Donibane Lohizunen 1976ko uztailaren 20an. Urrezko domina eskaini zioten egun hartan, eta ‘herriko seme kuttun’ izendatu zuten donibandarrek, ordurako begi bat galdua eta bihotza eri zituen Xalbadorri. Hirugarren omenaldia, Urepelen bertan egin zitzaion 1976ko azaroaren 7an.
Omenaldian hil
Joxemari Aranaldek kontatzen zuenez: “Bazkalondoko bertso saioa ari zuen. Bera ohorezko lekuan zegoen jarrita. Jaiki, lagunak han utzi eta kanpora atera zen. Metro batzuk aldarka-maldarka egin, eta han bertan erori zen. Kanpoan, jaialdira sartu gabe, haurrak zaintzen eta abar zeuden norbaitzuek ikusi eta jaso zuten eta frontoiaren pareko udaleku etxera eraman”.
Handik ordubetera hil zen. “Doi-doi izan zuen astia emazteari enkarguren bat emateko. Ondoan gertatu zen batek esanda dakit, ‘ez dizkiat erremertsiatzen ahal’ esaten omen zuela. Ezin izango zuela, alegia, jenderik eskertu. Ez zuen jendearekin kunplitzerik izan”. Alferrik izan ziren Labegerie abeslari eta medikuaren ahaleginak.
“Maite zaituztet oraindik”
Bertsolaritzako pasarte gogoangarrienetako baten protagonista izan zen Xalbador, hala nahi izan ez bazuen ere. 1967ko ekainaren 11n ospatu zen, Bertsolari Txapelketa Nagusia Donostiako Anoeta pilotalekuan. Orduko hamar bertsolari onenek hartu zuten parte.
Epaileek, finalera Uztapide eta Xalbador pasako zirela jakinarazi zutenean, txistu eta zalaparta itzela sortu zen. Diotenez, Xalbadorren euskara arrotz samarra eta ulertzeko zailagoa zelako gipuzkoarrentzat; bestetik, Lazkao-Txikiren aldeko jende asko etorri zen, batez ere Goierritik, eta epaileekin haserre ziren.
Une zaila horretan, Xalbadorrek bere baitan izan zezakeen min eta haserrea apaldu, eta ohikoa zuen sentiberatasunarekin hasi zen kantuan: “Anai-arrebak, ez, otoi, pentsa/ neure gustura nagonik,/ poz gehiago izango nuen albotik beha egonik;/ zuek ezpazerate kontentu /errua ez daukat, ez nik …”
Jendearen txaloek bertsoa ezin bukaturik utzi zuten Xalbador. Txaloak isildu zirenean amaitu ahal izan zuen bere bertsoa, hunkiturik: “Zuek ezpazerate kontentu/ errua ez daukat, ez, nik,/ txistuak jo dituzute bainan/ maite zaituztet oraindik”
Azken agurra Donostian
Gipuzkoarrek garai batean izandako jarrera itxia aldatu, eta Xalbadorrekiko miresmena ahobatezkoa bihurtu zen. Asko izan ziren 1970eko hamarkadan bere lana goraipatzen zuten artistak: Oteiza, Artze anaiak, Mixel Labeguerie… Euskaltzaindiak ohorezko euskaltzain izendatu zuen ere.
Donostiak maitasuna erakutsi nahi izan zion haren heriotzan, Artzain Onean meza eskainiz. Bertan izan ziren garaiko puntako bertsolari gehienak, bertso bana eskainiz denak gizonak, noski: Joxe Lizaso, Patxi Iraola, Kosme Lizaso, Aittola, Igarzabal, Txomin Garmendia, Sebastian Lizaso, Lazkao-txiki, Santi Zabala, Egileor, Mikel Mendizabal, Jose Luis Gorrotxategi, Iñaki Murua, Jon Azpillaga, Imanol Lazkano, Manuel Lasarte, Jon Enbeita, Xabier Amuriza, Joxe Agirre, Jon Lopategi, Patxi Etxeberria, Balendin Enbeita, Rufino Iraola eta Mikel Arozamena.
Mattin eta Xalbador liburuan daude egun hartako bertso ederrak. Amurizarena: “Il da Xalbador eta entzun da iparraren asperena,/ joan da Xalbador eta galdu da aundietan aundiena./ Aren abotsa ondo gabeko biotzaren sentimena,/ gizonei eta arriei ere negar eragin diena,/ goiko izarrek gordeko dute Xalbadorren oroimena.
Balendin Enbeitiarena: “Agur, Xalbador, agur ta erdi, baiña ez il zeralako;/ Euskal Erriak bizi zerala beti dizu aitortuko./ Zure bertsoak, zure abotsak jarraituko du betiko,/ Urepeleko urretxiñola ez da iñoiz itzaliko”.
Mendizabalena: “Maitasuntsua izan da gutzat Xalbadorren eriotza,/ ta ara emen erriak dion maitasun orren aitortza:/ naiz ta mingaiña geldi eduki, indar gabe eta otza, / aztuko ez diran bertso kantari ari da zure bihotza.



