Santa Ageda eskean aritu dira Herri Ametsako ikasleak
Maskarekin eta talde txikietan. Trabak, traba, Donostiako ikastetxeetan aritu dira gaur goizean, Santa Ageda bezperari dagokion moduan, kantuan, oles egiten eta lurra esnatzeko makilak astintzen.
Bidebietako Herri Ametsa Ikastolan, mailaka banatu behar izan dira, eta ikastolako hainbat gunetan abestu dute. “Lehen, Bidebietara jaisten ginen, kalez kale abestuz, tabernetan gelditzen eta abar”, kontatu digu irakasle batek. Orain, ordea, ikastolan egitearekin konformatu behar izan dute.
Hala ere, giro polita sortu dute maila bakoitzeko ikasleek, beste mailatako ikasleei kantatuz. Santa Agedako koplak moldatu dituzte ere:
“Hemen gatoz gu kanta kantari
Herri Ametsa ikastolatik,
Santa Ageda bezpera honetan
herria alaitu nahirik.
Ikasle irakasle eta gurasoak elkarturik,
denok bat eginda hemen gabiltza
euskara zabalduz pozik”.
Koplen bukaeran denok elkarrekin abestutako mezua azpimarratu dute Herri Ametsan gaurko egunez: “Erabil dezagun gure euskara eguneroko lanean”.