Jehovaren Lekukoak taldeari Intxaurrondon tenplu bat irekitzeko baimena eman dio udalak
Intxaurrondoko Galiza pasealekuan jarriko dute tenplua. Donostiako Udalak tenplu erlijioso berri bat eraikitzeko lizentzia eman du gaur, zehazki, udal jabetza publikoko lursail bat era pribatuan erabiltzeko lizentzia eman dio Jehovaren Lekukoak taldeari. Gurtza zentro berria Intxaurrondon eraikiko dute, Galizia pasealekuan, eta lursaila soilik erabilera erlijiosorako izango da.
Lizentzia 70 urterako izango da, luzatzeko aukerarik gabe. Tenplua bi urtetan eraikitzea aurreikusten da. Pasa den legealdian, Jehovaren Lakukoak taldeak espazio horretan tenplu bat eraikitzeko eskaera egin zuen. Udalak lehiaketa publiko bat jarri zuen martxan eta Jehovaren Lekukoak izan ziren aurkeztu ziren bakarrak. Azkenean, haiei esleitu zaie lursaila.
Aurkeztutako proiektuaren arabera, 5oo metroko eraikin bat egin nahi dute, oinplano errektangularrekoa, errepide nagusiarekiko paraleloa izango dena. Solairu bakarra eta 15o metro karratuko bi auditorio izango ditu, baita liburutegia, komunak eta bestelako espazioak ere. Kanpoaldean, berriz, aparkaleku bat egongo da.
Urtero, lursailaren erabilpena egingo dutenek 5.107 euroko kanona ordaindu beharko diote udalari. Era berean, Jehovaren lekukoek 493.722 euroko inbertsioa egin beharko dute.

