431 donostiar baino gehiago torturatuta
'Intxaurrondo' entzuterakoan, ezinezkoa da donostiar askorentzat beldurrik ez sentitzea. Bertan bizitako edo entzundako tortura saioei lotuta dago, tamalez, Guardia Zibilaren kuartela. Tortura erabiltzea ohikoegia izan delako euskal militanteen kontra. Egunotan ahoz aho dabil torturaren kontrako salaketa, baina egiarik eta aitortzarik gabe jarraitzen dute tortura pairatu duten ehunka donostiarrek.
Jose Urbieta Irizar, Irazusta Olea anaiak, Manuel Isasa Iturrioz, Migel Angel Herce Espino, Nekane Apaolaza Bernedo, Begoña Garcia Egaña, Izaskun Murua Genbeltzu, Fito Rodriguez Bornaetxea, Iñaki Egaña Sevilla, Gorka Goiatxe Pikabea, Kristina Gete Etxeberria… Izen hauen guztien atzean bada zerbait komunean. Torturak salatu dituzte horiek denek.
Guardia Zibilaren, Espainiako Poliziaren eta Ertzaintzaren eskuetan, 1960 eta 2010 bitarte, 431 donostiarren tortura testigantzak egiaztatu ditu Euskal Memoria Fundazioak. “Askoz gehiago dira”, dio Joxerra Bustillo fundazioko kideak. Jende askok ez dituelako inoiz salatu, lotsagatik, beldurragatik, “garai batean ohikoa zelako hori”.
Jose Luis Alvarez Txillardegi da lehena zerrendan, 1960ko abuztuan atxilotu zuen Guardia Zibilak. Azkena, Xabier Atristain, 2010ean. Joan den astean, hain zuzen, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Espainia zigortu zuen, Atristaini ukatu ziotelako epaiketa “justua eta kalitatezkoa” izatea, eta espresuki inkomunikazioari egiten dio erreferentzia.
Euskal Memoriaren azterlana
Euskal Herrian 5.657 kasu egiaztatu ditu Euskal Memoriak, ohiko estandarren arabera aztertutako 7.582 kasuren gainean. Zerrendan agertzen diren tortura kasu guztietatik, 4.755 gizonezkoei dagozkie, eta beste 902 emakumezkoei, aztertutako kasu guztien % 16, gutxi gorabehera.
Torturak salatu diren atxiloketen egileei dagokienez, 2.677 Espainiako Poliziarenak dira (% 47), 2.348 Guardia Zibilarenak (% 41) eta Ertzaintzarenak 407 (% 7).
Paco Etxeberria buru, Gogora institutuak egin zuen EAEn izandako torturen azterlana. Istanbuleko Protokoloa pasa zieten ehunka elkarrizketaturi, lan sistematiko mardula aurkeztuz Eusko Jaurlaritzan.
“Desiratzen nuena hiltzea zen”
Donostian 431 kasutik gora izan dira 50 urtean. Horietako askok testigantza xehe kontatu dituzte, gizartea kontzientziatzeko asmoz. Testigantzen atzean, ordea, errealitate gordinak ezkutatzen dira, entzuteko eta irakurtzeko gogorregiak, gehienetan.
Parte Zaharreko Miren Azkaratek 18 urte baino ez zituen Guardia Zibilak atxilotu zuenean 2002an. Nik sinisten dizut: emakume torturatuen egia mahai inguruan eman zuen testigantza Azkaratek, Leire Gallastegi eta Kristina Gete donostiarrekin batera.
Lau egun eduki zuten begietan antifaz batekin, jan gabe, biluzik, eta oihu egiten zioten guardia zibilez inguratuta. Haietako bat masturbatzera behartu zuten eta aliketa batzuekin titiburuak zapaldu zizkioten “odola atera arte”. “Poltsa behin eta berriz, entzun entzuten nuen, baina ezin nuen ez arnastu, ezta mugitu ere”. Oihuka entzuten zituen: “Deitu anbulantzia bati, eskua joan zaigu’. Eta nik pentsatzen nuen: ‘Hil egin naiz, hau da hiltzea’. Egia esan, Guardia Zibilaren ziegetan ez zuen besterik nahi”. Eskuan pistola bat jarri ziotenean, lokian jarri eta bere buruari egin zion tiro: “Ez zuen balarik; gaur pozten naiz, hemen nagoelako, baina momentuan desiratzen nuena hiltzea zen, hori amaitu zedin”.
Groseko bizilagun Garazi Rodriguez 2009an atxilotu zuen Espainiako Poliziak, Fernando Grande Marlaskaren aginduz: “Etengabe iraintzen eta mehatxatzen ninduten. Burua makurtuta egotera behartzen ninduten, gelaren alde batetik bestera ibili behar izaten nuen, eta nekatzen nintzenean ostikadak ematen zizkidaten, eta ileetatik tira egiten zidaten. Hirugarren egunean, biluzik utzi ninduten gela handi batean, zazpi edo zortzi poliziaren aurrean. Kulerotan nengoela, agente bat sartu zen, bortxatu eta hil egingo ninduela oihukatzen, eta ukitzen eta musuak ematen hasi zitzaidan. Izenak ematen hasi edo berarekin bakarrik utziko nindutela esan zidaten. Nik 21 urte nituen”.
Inkomunikazio aldia bost egunera mugatu daiteke egun. Mauricio Zentol Legardaren kasuan, 1968ko salbuespen egoeran, hamazazpi egunez torturatu zuen Guardia Zibilak; Periko Estonba, berriz, 23 egunez eduki zuten 1971n. Torturek eta bizitako horrek guztiak “oso ukituta” utzi zuten Estonba. Ez zuen inoiz salatu, dena pasatu izana “nahikoa zen” beretzat.
Estrasburgo eta aitortza falta
Torturak inkomunikazio aldian gertatzen direnez, atxilotuei ezinezkoa zaie torturatzaileen kontrako froga sendorik aurkeztea. Epaitegietako bide malkartsua Estrasburgoko auzitegietara iritsi izan da, eta Espainia zortzi aldiz kondenatu dute torturak behar bezala ez ikertzeagatik. Tartean, Aritz Beristain donostiarrarenak, 2011n.
Torturaren biktimak bat datoz horretan ere: ez dute aitortzarik izan. Eusko Jaurlaritzak, Gogorak egin zuen txostenaren harira, hau adierazi zuen: “Torturaren biktimek jakin behar dute pairatu zuten sufrimenduaren bidegabekeria aitortzen dutela euskal gizarteak eta Eusko Jaurlaritzak”.
Leire Gallastegi torturatuak, aldiz, ez du aitortzarik sentitzen: “Oraindik argitu gabe dago hau dena. Kontxo, esan zer egin zenuten eta zergatik. Eta orain Iratxe Sorzabali gertatzen ari zaiona; torturapean oinarritutako epaiketak bertan behera utz ditzatela”. Torturatuek izen-abizenak dituzten bezala, izen-abizenak dituztelako torturatzaileek, eta euren nagusiek.
TORTURA DONOSTIAN 50 URTEZ
Salaketa egin, testigantza eman edo Istanbuleko protokoloa pasa dutenen artean, 431 kasu zenbatu ditu Euskal Memoriak. Donostian 373 gizonezkoak izan dira (%86,5) eta 58 emakumezkoak (%13,5) dira. Frankismo garaiko datu gutxi batu diren arren, Espainiako demokrazia hasi zenetik, salaketa ugari izan dira. 1980ko hamarkadan, 115 izan ziren. 1990koan, 130, eta 2000koan, 113. 2002an 34 kasu salatu ziren, eta 1992an, berriz, 32. 2006. urtea izan da 1970etik torturarik salatu ez den urte bakarra.