Bera Berak Zumaian hasiko du bigarren itzulia
Etxean bezala sentituko dira, etxetik kanpo jokatu arren. Eskubaloia Gipuzkoako beste herri batzuetara eramateko konpromisoarekin, Bera Berak Zumaian jokatuko du ligako 14. jardunaldia. Are gehiago, bigarren itzuliari hasiera emango diote. Parez pare, Handbol Sant Quirze izango dute, hasiera batean, arerio erraza. Horrela ere, Rocasaren kontra lorturiko garaipen garrantzitsuari jarraipena emateko jokorik onena egin beharko dute. Donostiako taldeak lidergoa sendotu du 25 punturekin.
Futbolean, Realeko neskek ez dute atsedenik. Aste tartean Bartzelona liderraren aurka astindua jaso ondoren, beste neurketa bat izango dute igandean. Levante zazpigarren sailkatuaren zelaian jokatuko dute, eta azken porrotak utzitako sentsazio txarra atzean uzten ahaleginduko dira. Gizonezkoen taldeak, berriz, ligan hiru puntu batzeko aukera on bat du igandean. Granada hartuko dute etxean txuri-urdinek, eta Valentziaren kontra berdindu ostean, garaipenaren bidera itzultzea izango dute helburu.
Saskibaloia, Gipuzkoako derbia jokatuko da igandean Illunben. Gipuzkoa Basket eta Iraurgi aurrez aurre ariko dira. Donostiako taldeak laugarren postuan dago sailkapenean, eta LEB maila gorenera iristeko arerio gogorrak ditu aurretik. Igotzeko xedeari eusteko nahitaez irabazi beharko dute.
PARTIDAK
Eskubaloia
Emakumezkoen ohorezko maila, 14. jardunaldia
- Bera Bera – Handbol Sant Quirze (larunbata, 19:00)
Futbola
Emakumezkoen lehen maila, 22. jardunaldia
- Levante – Reala (igandea, 11:00)
Gizonezkoen lehen maila, 24. jardunaldia
- Reala – Granada (igandea, 18:30)
Saskibaloia
Gizonezkoen LEB Oro liga, 15. jardunaldia
- Gipuzkoa Basket – Iraurgi (igandea, 12:00)