"Gaia saihesten saiatzen naiz, eta, aldi berean, ezin dut"
2001ean atxilotu eta torturatu zuten Leire Gallastegi Ormazabal (Intxaurrondo, 1977). Kartzelan hilabete batzuk egon ostean, Torturaren Aurkako Taldean inplikatu zen. Kontatzeko erantzukizuna duela sentitzen du. Denborak oroitzapenak nahasi dituen arren, oraindik min ematen duelako egin zioten zauriak.
Duela 21 urte atxilotu zintuzten.
2001ean atxilotu eta torturatu egin ninduten, eta 2008-2009 arte torturaren aurkako mugimenduan parte hartzen aritu nintzen, baina 2010ean ama izan nintzen, eta jada inplikatzeari utzi nion.
Larunbatean Irunen egon nintzen, Iratxe Sorzabalen aldeko mobilizazioan. Hura ezagutzeko aukera izan nuen Avilako espetxeko lokutorioan. Eta gaur arte ez dugu berriz elkar ikusi. Eta honek gogorarazten dizu berriro, barrenak mugitzen dizkizu.
Nire testigantzaz hitz egiten dudanean, istorio baten moduan kontatzen dut. Hirugarren pertsonan, edo lehenengoan, baina ez naiz ni. Are gehiago, ez dut ondo gogoratzen gertatutakoa, irakurri beharko nuke benetan gertatutakoa gogoratzeko. Defentsa moduan edo, ahaztuta.
Denborarekin joan zara ahazten, edo hasieratik izan da?
TATekin nenbilen eta buelta asko ematen genizkion. Washingtonera [AEBak] joan nintzen nazioarteko torturaren kontrako kontu batera. Hasiera hartan asko kontatzen nuen arren, inoiz ez nuela konektatzen sentitzen nuen. ‘Hori niri gertatu zait?’, ‘hori bizi izan dut?’. Horri buruz hitz egitean urduritasuna sentitzen dut, bai, baina ez dut sufritzen. Polizia etxean amaren kontrako mehatxuak izan ziren niretzat gogorrenak. Horretaz gogoratzean tripako mina sartzen zait, egia esan.
Azken hogei urteotan presente izan duzu?
Presente dago askotan. Kalean ia egunero topatzen ditut guardia zibilak, eta aldi bakoitzean, pun, pizten da zerbait: pizten da beldurra, ezinegona. Hori hor dago.
Loan eta ametsetan eragina nabaritu duzu?
Oso gutxi amestu dut komisariako egunekin. Baina asko eta duela gutxi azkena, atxilotzeko unearekin. Atxilotu egingo nautela amesten dut, eta orduan izu ikaragarria sartzen zait, badakidalako zer etorriko den. ‘Mesedez, berriro ez’ eta orduan esnatu egiten naiz, eta izugarrizko lasaitua da. Izua barruraino sartuta dugun seinale.
Nolakoa izan zen atxiloketa?
2001a zen. Modu batean edo bestean, mobilizazioetan ibiltzen bazinen edo militatzen bazenuen, bazenekien gertatu zitekeela. Lagun batzuk atxilotu zituzten, eta nik banekien nire bila etor zitezkeela. Atxilotu eta Intxaurrondora eraman ninduten. Ostean, amaren etxera, eta, hor, ordu pila-pila bat egon ginen. Nire ahizpa argazkilaritza zalea zen, eta zituen argazki guztiak banan-banan begiratzen aritu ziren.
Handik atera, eta Madrilera zuzenean. Orduan hasten zara mentalizatzen datorkizunaren inguruan, baina aldi berean ezinezkoa da, ez dakizu zer den.
Lau egun izan ziren. Otsailaren 26tik martxoaren 1era. Aske utzi ninduten [geldialdi bat egin du], aske ez, kartzelara eraman ninduten! Beti esaten dut, niretzat aske gelditzea bezalakoa izan zela!
Ezin dut kontatu egunez egun nolakoa izan zen. Gogoratzen dut berdin zuela nik zer esaten nuen. Beraiek esaten zutena esan behar nuen nik, eta, bestela, egurra. Beraiek errelato bat idatzi zuten, eta nik sinatu egin nuen. Orduan amarekin bizi nintzen, eta denbora guztian zegoen amaren kontrako mehatxu bat. Atxilotuko zutela zioten.
Sinistu zenuen?
Ez dakit sinistu nuen, baina ni prest nengoen edozer egiteko ama atxilotu ez zezaten. Aukeran eman zizkidaten hiru objektu: ama atxilotzeko agindua emango zuen telefonoa, ni bortxatzeko makila bat, eta hirugarrena ez dut oroitzen… a, bai, elektrodoak. Ama babestea zen kontua, eta ez dakit ere zergatik aukeratu nuen makila. Nire sentipena da lortu nuela nire gorputzetik ateratzea. Jipoiak ez ziren asko izan, gehiago izan zen biluzik egotea, ukitzea, zutik denbora asko egotera derrigortzea, poltsa buruan… Ez dakit nola adierazi, baina lortu nuen ateratzea.
Komisarian jatekoarekin eta edatekoarekin kontu izateko aholkua egiten zen. Nik jatea erabaki nuen, eta egia esan, ezin dut ziurtatu ezer, baina uste dut zerbait bota zidatela. Aske geratu ostean, konturatzen zara existitu ez den pelikula bat egin duzula zure buruan.
Zergatik?
Sinetsarazi zidaten Bulebarrean elkartu nintzela pertsona batekin, eta hori ez zen gertatu. Baina nik hori oraindik buruan daukat. Eta hori nola liteke? Momentu horretan bizirik irautea bilatzen dut.
Beste momentu bat pistolarena izan zen.
Ez dut uste nik eskuetan eduki nuenik. Haietako batek zuen, eta ohiko jokoa egiten zuen: “Ez dakit zenbat bala dauden hemen, tokatzen bazaizu, zorte txarra”. Orain horretan pentsatzean urduri jartzen naiz. Baina momentuan pentsatzen nuen: “izan dadila izan behar duena”. Iratxe Sorzabalek ere horixe zioen: “Hiltzeko nahia? Nahia, ez gogoa”. Nik ez nuen hori sentitu, baina niri ere berdin zitzaidan.
Nahi zuten testigantza lortu zuten. Epailearen aurrera eraman ninduten, eta ez nion ezer esan Teresa Palaciosi.
Nolakoa izan da honi aurre egitea?
Ez dakit. Batzuetan sentitzen dut ez naizela ni izan hori bizi zuena. Beldur handiarekin bizi izan nintzela gerora. Auzoan ibiltzeari utzi nion, eta nire bizitza erabat aldatu nuen. Horretan eragin zidan. Niri asko lagundu dit hitzaldiak ematea, elkartzea, kontatzea. Kontatzeko behar soziala eta pertsonala daukat.
Agian garai batean gutxiago kontatzen zen.
Euskal Herrian ez gara oso sentimenduak adierazi zaleak, egia esan. Bizi izan dugun historia izanda, ‘biziraun eta biziraun eta sentimenduak gorde’. Are gehiago, komisariatik pasa ostean hamabost urtez kartzelan egon denak, zer aukera izan du pertsona horrek hori lantzeko? Bat ere ez. Bere garaian Donostiako torturatuen taldetxo bat bildu ginen bakoitzaren beharren arabera mobilizatu eta gauzak egiteko, norberak sentitzen zuenaren bitartez. Gogoan daukat nola etorri zen emakume bat, 1970eko hamarkadan atxilotua eta torturatua izan zena, eta gurekin izan zenean kontatu zuen lehen aldiz. Begira zenbat min zegoen hor gordeta.
Gai honen inguruan hitz egiterakoan, egindakoa kontatu behar da, baina morboso bihurtu gabe. Jakinda, gainera, pertsonarentzat gogorra dela.
Tortura sexista jasan izana gehigarri bat dela sentitzen duzu?
Nik badaukat nire barne eztabaida. Emakume batzuek, duten ibilbideagatik landuta daukate, eta oso garbi ikusten dute bizi izan dutena. Gaur egun nik ikusten dut, baina garai hartan ez.
2003-2004an TATen eztabaida hori ematen hasi zen, eta galdetzen zidatenean, nire erantzuna zen emakume izateagatik ez nuela ezberdin bizi. Emakume izateagatik gauza batzuk egin dizkidate, baina gizona izateagatik beste gauza batzuk egin dizkiete haiei. Hor sexismoa bai, baina bi aldeetara. Ni biluztu eta ukitu ninduten bezala, gizonak ere biluztu eta ukitu dituzte. Desberdintasun nabarmena zen, egia da, nire torturatzaile guztiak gizonezkoak zirela. Niri lanketa hori egitea falta zait.
Atzera begira nola ikusten duzu gertatu den guztia?
12 urteko alabei esan diet orain bilera batera nindoala, eta galdetu didatenean “zer bilera”, ez naiz erantzuteko gai izan. Badakite ni torturatua izan naizela, baina ez dut uste dakitenik hori zer den. Eta oraindik ez nago prest haiekin honi buruz hitz egiteko. Arrastoetako bat hori da: zure familiari horri buruz hitz egin nahi izatea, baina ezin izatea.
Eragin dizu bizitza eraikitzerako orduan?
Jakina. Beti daukazu presente modu batean edo bestean. Nahiz eta ez dudan horri buruz hitz egiten, presente dago. Aurten, adibidez, lan egiten dudan institutuan gertatu zait. Lankide bat etorri zait esanez ikasleek nire izena Googlen bilatu zutela, eta zurrumurrua zebilela. Proposatu zidaten hitzaldi bat ematea Etika irakasgaian, baina ez dut nire burua gai ikusi 14 urteko ikasleekin hortaz aritzeko. Asko irekitzea suposatzen du, gehiegi.
Hogei urte hauetan sekula desagertuko ez den beldurra dago, batetik. Gero, azken urteetako eskaera: erreparazioa badakizu ezetz, justizia are gutxiago, baina aitortza gutxienez. Ez pertsonala, baizik eta orokorra. Zenbakiekin eta arduradunen izenekin. Hori entzuteak lasaituko ninduke.
Gaia saihesten saiatzen naiz, eta, aldi berean, ezin dut. Altzako Mikel Zabalza herri ekimenean ibili izan naiz, adibidez. Horrelakoetan aritzeak laguntzen dit nire bidea egiten.
Jendeak nola jokatu du zurekin?
Ni torturatua izan naizelako ez da inor aldendu niregandik. Kontrakoa esango nuke, izatekotan. Eremuaren arabera, ez duzu jakiten nola kudeatu, baina nik ez dut ezkutatzeko ezer. Unearen araberakoa da. Duela urte batzuk Irungo institutuan lanean ari nintzela, gauza pertsonalak partekatzeko ariketa bat egin genuen ikasleekin. Eta gazteak hainbeste gauza ari ziren partekatzen, bat-batean kontatzeko beharra izan nuen. Flipatuta geratu ziren, noski. Baina, zergatik ez? Hori ere banaiz. Eta Euskal Herria horrelakoa da. Ia edozein lekutan topatu dezakezu atxilotua edo torturatua izan den norbait, zer egingo diogu.