"Makinetako salmenta eredu on bat zen"
Igeldoko Esneak Antiguako eta Groseko esne makinak itxi ditu, hamarkada batez 24 orduko salmenta zerbitzua eskaini ondoren. «Bitartekaririk gabe bezeroengana iristeko bidea» zela nabarmendu du Eneritz Otamendik. Ondazarte baserrian ekoizten duten esnea hainbat modutara saltzen jarraituko dutela gaineratu du.
Zergatik erabaki duzue Igeldoko Esnearen bi makinak kentzea?
Ez dago arrazoi bakar bat, hainbat pilatu dira. Errentagarritasuna da arrazoi erabakigarriena. Bezero oso leialak genituen makinetan, baina ez ziren nahikoak. Zenbakiak ez ziren onak. Gehiago saldu behar genuen makinak errentagarriak izateko.
Arrazoi ugari eman dituzue makinen zerbitzua bertan behera uzteko. Zeintzuk dira garrantzitsuenak?
Makinetan euro batean saltzen genuen esnea. Horri kendu behar diozu udalaren zerga –900 euro ingurukoa makina bakoitzeko–, argindarra –gero eta garestiago dago– eta egunero ematen zuen lana. Izan ere, egunero etxean prestatzen genuen esnea makinetara eramateko. Gainera, makinak egunero garbitzen genituen, eta 24 orduko zerbitzua eskaintzen genuenez, telefonoa beti piztuta izaten nuen bezeroei arreta egiteko. Horrez gain, aipatu behar da makinak zahartu egin direla, eta horiek sortu zituen enpresak ekoizteari utzi ziola. Ez daukagu ordezko piezarik, eta makina berriak erostea inbertsio handia izango litzateke.
Makinei eraso egin dietela ere adierazi duzue.
Pintaketak betidanik egin dituzte makinetan, baina egia da azkenaldian eraso txikiak ugaritzen ari zirela. Batez ere, ezezagunek txanponak sartzeko zirrikitutik beste objektu batzuk sartzen zituzten. Ondorioz, txanponak irentsi egiten zituen makinak, eta bezeroek deitzen gintuzten. Hainbatetan ukuiluko lanak utzi behar izaten genituen makinak konpontzera joateko.
Makinak nola kudeatzen zenituzten?
Esnea egunero eramaten genuen, igandetan izan ezik. Makinen barruan bi depositu zeuden, bakoitza 230 litro ingurukoa. Makinaren datuak SMS bidez jasotzeko aukera genuen. Guk uneoro bagenekien makinen egoera zein zen. Beti depositu bete bat eramaten genuen, eta hutsa zegoena ekarri. Sistema ona zen, ez genuelako galerarik esneari dagokionez.
Gogorra izan da erabakia hartzea?
Bai, urtebete generaman gaiari bueltaka, eta hainbat aukera aztertu genituen. Makinak berritzea, prezioa igotzea eta beste. Ordea, ikusi genuen ez zela errentagarria. Bezeroengatik jarraitu dugu, eta penatuta gaude beraiengatik. Bezero askok esan digu udalak negozio soil gisa tratatzen gaituela, baina beraiek uste dute zerbitzu bat ematen geniela. 24 orduz esnea erosteko aukera ematen genuen. Donostiako Udalaren partetik ez dugu babes berezirik sentitu, tratatu gaituzte Coca-Cola makina baten antzera.
Bestalde, makinetako salmenta eredu on bat zirela nabarmendu nahi nuke. Bitartekaririk gabe zuzenean bezeroarengana iristeko bidea zelako. Guretzat ere oso garrantzitsua zen jasangarritasun faktorea. Makinetan esnea zaborrik sortu gabe saltzen genuen. Jendeak botilak berrerabili zitzakeen. Horrelako salmenta ereduak nahitaez indartu behar direla uste dugu.
Bezeroei esker ona adierazi zenieten ohar baten bidez. Eta makinetan, eskerrak bueltan jaso zenituzten bezeroen partetik. Pozgarria da hori zuentzat?
Hain zuzen ere, bezeroengatik atzeratu dugu makinak kentzeko erabakia. Makinetan jendearekin topo egiten genuenean, esnearekiko erakusten zuen estimua. Gure esnea goraipatzen zuten, gu hunkitzeraino. Gure esnea maite zuten, eta egunero joaten ziren makinara beraien botilarekin, eguraldi ona ala txarra egin.
Dagoeneko erretiratu dituzue makinak Antiaguatik eta Grosetik?
Oraindik ez. Pasa den astean saiatu nintzen makinen argindarra kentzen, baina argi konpainiak arazo informatiko bat izan du eta oraindik ez dut lortu baja ematea. Segurtasun kontuengatik argi puntua kendu behar da lehendabizi, eta ondoren makinak baserrira ekarriko ditugu.
Makinetan esnea erosten zuten bezeroek aukera izango dute Igeldoko Esnea kontsumitzen jarraitzeko?
Horretan gabiltza. Makinak kendu ditugu, baina Igeldoko Esneak aurrera jarraitzen du. Gure helburua da makinetako bezeroengana iristea. Gainera, ahalik eta modu jasangarrienean. Bezero hauekin truke moduko bat egin nahi dugu, eta hori nola egin aztertzen ari gara. Adibidez, herri batzuetan aste osoko esnea bost eta hamar litroko marmitatan eskaintzen ari gara. Astean behin gelditu eta trukea egiten dugu bezeroekin. Donostian, berriz, astero Egiako Azoka Txikira joaten gara, eta aipaturiko trukerako lekua izan daiteke.
Dena dela, Igeldoko Esnea auzoz auzo ere banatzen duzue, ezta?
Bai, egunero bi pertsona aritzen dira Donostian gure esnea banatzen. Ordea, esnea tetrabriketan saltzen dugu dendetan. Azken batean, makinak itxi arren, guk egunero esnea banatzen jarraitzen dugu. Gure bezero nagusiak ostalariak, gozogileak, izozkigileak eta catering enpresak dira. Egia esan, ondo saltzen dugu gure esnea.
Igeldoko Ondazarte baserrian ekoizten duzue esnea. Egunero zenbat litro jartzen dituzue salgai?
1.000 eta 1.100 litro esne ekoizten ari gara eguneko. Iaztik hona, ekoizten dugun guztia saltzen dugu. Orain hogei urte 120 behi jezten genituen, eta gaur egun 30 bat dira. Saiatzen gara ekoizpena eta salmenta parekatzen, industriari entregatzea ez delako errentagarria. Dugun lur eremuarekiko oreka horretara iritsi nahi dugu, behiak larreratuz. Azken batean, lurrari gero eta lotuago dagoen nekazaritza egin nahi dugu. Trantsizio horretarako, salmenta zuzenak ematen digu indarra.