"Torturaren zauriak sendatzen doaz, baina hor daude oraindik"
"Lasai" hitz egiteko prest agertu da Hodei Egaña Diez (Gros, 1983). Aurten hogei urte beteko dira Guardia Zibilak atxilotu eta bortizki torturatu zuenetik. Donostiako beste gazte askorekin batera pasa zuen "infernua", artean 19 urte besterik ez zituela. Ez dago erreparatzerik, baina onarpenaren zain dago oraindik.
Nola oroitzen duzu atxiloketa?
2002ko irailean izan zen. Autobus bat erretzen ari ziren gazte batzuk atxilotu zituzten, eta hurrengo egunetan gazte pila bat atxilotzen aritu ziren egunero. Ezagun batzuk atxilotu zituzten, eta hurrengo egunean ni. Marruma elkartean lan egiten zuen tabernariarekin nenbilen, eta biok motorrean abiatu ginen hemendik. Intxaurrondon, Zubiaurre pasealekuan, auto bat aurretik, beste bat atzetik, eta kalez jantzitako sei edo zortzi polizia kaputxadun atera ziren. Paretaren kontra jarri ninduten, Hodei Egaña ote nintzen galdezka. Baietz, eta 30 segundoan, auto baten barruan nengoen burua kaputxa batez estalia.
Guardia Zibila zela ba al zenekien?
Momentuan ez zidaten esan. Zera esaten zidaten: “Hireak egin dik”, “atxilotu haugu”, “gorriak pasatuko dituk”, “dena kontatuko diguk”. Eta lehen mehatxu eta presioak hasi ziren. Inongo momentuan ez zidaten paperik erakutsi. Gainera, tratuan jada hasieratik ikusten zen biolentzia izugarria, zuk ez zeneukan galdetzeko aukera handiegirik ere. Oso bortitza izan zen hasieratik.
Sarekada bat martxan zen. Imajinatzen zenuen zergatik atxilotu zintuzten?
Gatazka oso bizirik zegoen, eta guk orduan Segi gazte antolakundean militatzen genuen. Garai horretan gazte asko atxilotzen ari ziren, baina kontua da pauso bat eman zutela. ETAko jendearekin entzuten ziren tortura gogorrak, baina ez hainbeste kaleko militanteekin. Ez klandestinitatean, ez ezer, gu jende normala ginen. Hortik aurrera, sarekada asko egin zituzten kale borrokarekin eta Segirekin lotuta, intentsitate horrekin.
Zuen sarekada bereziki gogorra izan zen torturaren ikuspegitik.
Donostian, gure belaunaldian behintzat, asko markatu zuen. Hamabost bat atxilotu gintuzten, eta beste hogei edo hogeita bosten bila joan ziren. Auzo gehienetan izan ziren atxilotuak, eta tortura gogorrak, eta epaiketak… Asko eragin zuen. Hilabete asko iraun zuen, abenduan oraindik jendea aurkezten ari zen Madrilen, torturetan ateratako jendearen izenarekin.
Beste hainbat gazterekin batera atxilotu zintuzten.
Gogoratzen naiz Espainiako Auzitegi Nazionaletik elkarrekin pasatu ginela Alberto Gonzalez, Aritz Beristain, Ibai Bergara, Ekaitz Agirre eta bostok. Badakit bostok joan ginela kartzelara egun berean, baina nor atxilotu zuten, noiz, hori dena ez nekien. Beris izan ezik, gainontzeko denok Alcala Mecoko adin txikikoen modulura eraman gintuzten.
19 urte besterik ez zenituen zuk.
Bete berri, bai, abuztukoa naiz eta. Noski, markatuko zaitu bizitza osorako. Lehen aipatu dugunaren harira, asko lagundu zuen atxiloketa eta tratu txarrak ‘espero izatea’, horri buruz hitz egin izana pixka bat lehenago… Eta gertatu eta gero, politikoki ulertzea: zergatik gertatu den, zergatik egin zuten, testuingurua, zer lortu nahi zuten (gizarte zati borrokalari bat beldurtu eta geratzea), eta logika horrek asko lagundu dit, asimilatzeko zer gertatu den eta abar. Baina marka batzuk badaude, amesgaiztoak, berriro gertatzeko beldurra. Denboran zehar geratu diren gauza asko. Hogei urteren ostean sendatzen doaz, baina hor daude oraindik.
Ametsak izaten jarraitzen duzu?
Oso gutxi izaten ditut orain. Hasieran, mordo bat, baina gutxitzen joan da. Eta egun, oso noizean behin. Hogei urte dira jada, asko da. Esan dezaket, pasatuta daukadala.
Amorru hori barruan daukat, gertatu zen guztia ez da inoiz aitortua izan, ez da aitortua izango. Eta gutxienez aitortua diot. Ez konpentsazio bat, ezta gutxiago ere. Politikoki errelatoari buruz hitz egiten dute orain, eta ez denean torturaz hitz egiten su hori ateratzen zaizu. Hori gertatu da, eta kristoren astakeria da, eta ez dute onartuko.
Tortura gutxiesten dela uste duzu?
Tortura salaketak egin dituztenak salatuak izan dira, desprestigioagatik. Martxelo Otamendi, adibidez. Nahi dutena egin dute, burutik pixa egiten digute, eta gainera ezin zara kexatu. Bai, oso gutxietsiak izan gara.
Hogei urte igaro dira. Atzera begiratze hori nola bizi duzu? Nola bizi izan zara horrekin?
Hasieran asko lagundu zidan kontatzeak. Publikoki kontatzeak, batez ere, Torturaren Aurkako Taldean, eta abar. Horrek lagundu zidan politikoki ulertzen eta konfiantza berreskuratzen nire buruarengan. Aurre egiten lagundu zidan.
Egoera oso ezberdinak bizitzen dituzu. Lagunak, familia, ingurua, konturatzen denean torturatua izan zarela, bat-batean, barrura arnas bat egiten dute, atzera pauso bat, pixka bat beldurtu. “Honek kristoren drama dauka barruan”. Eta, tira, nik, aipatzen dudan konbentzimendu honetatik, aldarrikapen moduan ere gaiaz hitz egiteko erabakia hartu nuen, ez dut tabu bat izatea nahi. Noski, ez dut gaia ateratzen afari batean: ‘e, honi buruz hitz egin nahi dut!’. Gogorra delako; baina gogortasun horren barruan, aukera dagoenetan, azaldu eta kontatu nahi izaten dut.
Eta nolakoa da kontatze hori?
Beharra dut, aldarrikapen txiki hori egiten jarraitu nahi dudalako. Uste dut gero eta oroitzapen txikiagoa dudala. Minutuz minutuz egindako errelatoa egin izanak lagundu zidan. Nire iraganeko Hodei haren bizitza lausotuz doa, gertatu zitzaion hura oraindik hor dagoen arren. Eta hala ere, denbora pasatu den arren,itxita zegoela uste zenuen zauri bat atzera begira jartzea hura berriz irekitzearen modukoa da. Ez duzu lurperatu.
Atxiloketara itzulita; nola joan zen?
Labur kontatuta, Intxaurrondora eraman gintuzten. Polizia eskualdaketa bat izan zen, eta Madrilera eraman gintuzten. Bidean jada informazioa eskatzen hasi ziren, eta poltsa bat jarri zidaten buruan, arnasa kentzen galderak egiten zizkidaten bitartean. Beraiek nahi zutena esaten ez banuen gogortuz. Hasieran, gehienbat arnasa kentzearekin jolasten zuten. Madrilera iristean ariketa fisikoak egitera behartzen ninduten etengabe, manta batekin biltzen ninduten, beroa handitzeko, eta markarik ez uzteko kolpatzen nindutenean. Eta leher eginda nengoenean, izerditan, berriro poltsa jartzen zidaten. Arnasa kentzearena, hori da oroitzen dudan okerrena. Orduak eta orduak ziren horrela, eta denboraren nozioa erabat galtzen duzu. Ikusmenik gabe denbora guztian. Kalabozoan ere ezin duzu lorik egin, oihuak etengabeak baitira. Galdeketak etengabeak eta denbora guztian deklarazio polizialak ekartzen zizkidaten; denera hiru izan ziren, ekintza berriekin eta abar. Egunean behin mediku errekonozimendu bat egiten ziguten. Nik berari salatzen nion eta berak ez zuen kasurik egiten.
Gainontzeko atxilotuekin batera jarri zintuzteten uneren batean.
Bai, xantaia egin nahian, besteen oihuak entzunarazten zizkidaten une oro. Momentu batean, beste gela batera eraman gintuzten Beristain eta biok. Ez naiz oso ondo gogoratzen, jada urte asko pasa dira, baina berak une batean botaka egin zuen, eta niri janarazi egin zidaten. Ostean nik egin nuen eta berari janarazi. Hor eduki gintuzten, elkarri zikinkeriak ikusi eta umiliazioak egiten. Ibai Bergara donostiarrak istripu bat izan zuen atxilotu aurretik, eta etengabe mina egiten zioten beso zaurituan, eta oihu horiek etengabeak ziren [Bergarari besoan lesio kronikoa gelditu zitzaion].
Gerora nolakoa izan da gerora Guardia Zibilarekin harremana?
Markaketa oso konstantea izan da. Kontroletan beti gelditu naute, eta denbora luzez miatu. Batzuetan etorri izan zaizkit belarrira esanez: “Kontuz ibili, harrapatzen bazaitugu badakizu eta zer egiten dugun”. Ni lasai mantentzen saiatu izan naiz: “Eta zer egiten duzue, ba?”. Eta beraien erantzuna: “Zuk ondo dakizu”.
“Beste Hodei hura ezagutzean” jendearen erreakzioak aipatu dituzu. Nolakoa izan da hau?
Ezberdinak izan dira. Espetxean nengoen lehen hilabeteetan urrutiko familia etortzen zenean eta gaia kontatzen nienean, izutu egiten ziren, eta nabaritzen duzu beraien bizitza normaletan ondo kabitzen ez den zerbait dela. “Baina nola da posible hori gertatzea kalabozoetan”, esaten zidaten. “Entzuten da, bai, baina ez duzu sinisten”. Urteetara, jendea sentsibilizatuagoa dago gaiarekin, baina kontatzen duzunean lehen pertsonan, hotzikara sartzen zaio… Kontatzeko gogoa badut, ahaztu ez dadin. Gaur egun legeak eztabaidatzen direnean, ez dago onartua. Ez da polizia eredua aldatu. Gai horrek sutu egiten nau oraindik.
Gogora institutuak eta Euskal Memoria Fundazioak egina du lanketa bat.
Errolda bat egin nahi izan zen, gertatu zela jasota gera dadin. Gero, Eusko Jaurlaritzara iritsi zen. Beraiek euren irakurketa egiten dute, baina ez dago aldaketarik. Ertzaintzaren kalabozoetan ez da jartzen kamerarik, ez dago epaiketarik. Estrasburgoren epaiekin antzekoa gertatzen da. Kutsatzen duten enpresa handiekin bezala gertatzen da: isuna ordaindu eta denak berdin jarraitzen du. Espainiako Barne Ministroa da azken urteetan tortura gehien agindu zituena. Gerra baten aitzakian justifikatu dute dena, eta gizartearen eta alderdien zati handi batek edo ezikusiarena egin du, eta onartuko ez badute ere, begi onez ikusi du.
DONOSTIAN TORTURATU GEHIEN IZAN ZEN URTEA
2002an 34 kasu salatu ziren Donostian. Abuztuaren 31z geroztik 59 lagun atxilotu zituzten Gipuzkoan, Bizkaian, eta Nafarroan. Kale borrokarekin hasi zena, ustezko ETAko komandoekin amaitu zen. Tortura gogorrak salatu zituzten atxilotu gehienek. Aritz Beristainen kasuan bortxaketa akusazioa; Oihane Bakedano, Oihana Lizaso, Miren Azkarate eta Aizeti Fernandezen kasuetan umiliazio sexualak, eta poltsa ia denetan. Iñaki Bergara atxilotuaren aita honela mintzatu zen prentsaurrekoan: “Seme-alaben begiradak ikusita, ezin gaituzte engainatu. Izugarrizko astakeriak egin dizkiete”.