Zuhaitz sorginduen pasealekua
Groseko Nafarroa hiribidearen, Rodil kalearen eta Xabier Zubiri Manteo ikastetxearen artean bada zuhaitzez inguratutako pasabide bat. Aspaldi landaturiko hogeita hamar bat milazka daude han, gehienak zeharo okertuta. Paisaia misteriotsua osatzen dute.
Maiz pasatzen da handik, gertu bizi delako. Batzuetan, Okendo Kultur Etxera joateko erabiltzen du pasealekua, eta, beste batzuetan, milazka okerrak bisitatzeko. Joxe Arcek asko estimatzen du Nafarroa hiribidearen eta Manteo ikastetxearen artean dagoen pasabidea. Ulia Auzo Elkarteko kidea da Arce, eta hedabide honekin harremanetan jarri zen Grosen ikus daitezkeen zuhaitz sorginduen berri emateko.
«Alderdi Ederreko milazkak ezagunak dira hirian, paisaiaren parte bihurtu direlako. Pertsona asko horiek ikustera joaten dira, donostiarrak eta donostiarrak ez direnak. Ordea, askok ez dakite Grosen ere milazkak daudela, handiagoak eta deigarriagoak direnak», azaldu du Arcek. Ulia-Ategorrietako Mintegietan dauden ur biltegietan bisitak egiten zituen, Donostiako Udalak Ulia Auzo Elkarteari baimena kendu zion arte. Bisita horietan parte hartu zutenei Groseko pasealekua ezagutzeko gonbidapena luzatu die.
Lorezain baten ekarpena
Udaleko lorezain batek landatu zituen milazkak. «Mateo zuen izena, eta uste dut Elizegi zela bere abizena. Lorezaina ez ezik, Koipe enpresan ere lan egiten zuen. Hark esan zidan Grosen milazka zuhaitzaren adarrak landatu zituela», gogoratu du Arcek. 1960ko hamarkadan landatu zituela uste du, leku hartan zegoen San Antonio Abad ospitale zibila eraitsi ondoren.
Arcek ez daki lorezainak nondik ekarri zituen milazkak. «Dakidan bakarra da beste milazka bati mozturiko adarrak zirela landatu zituenak. Era berean, badakit adar horiek ez zituela Uliako mintegitik ekarri. Aldiz, pasabidean dauden platanondoak ziurrenik mintegikoak izango dira».
Milazkak oker-oker eginda daude, eta horren arrazoia argitu nahian dabil Arce: «Hemendik pasatzen naizen bakoitzean, zuhaitzak sorginduta daudela iruditzen zait. Asko hazi dira, eta adarrekin figura harrigarriak sortzen dituzte. Are gehiago, kimatzen dituztenean».
Sukalde kontuak
Ospitale zibila zegoen lursailean, Basque Culinary Center fundazioak egoitza berri bat eraikitzea aurreikusten da. Iazko abuztuan adostu zuten udalarekin lursailaren lagapena. 25.790,86 metro koadro dituen udal jabetzako eremuan 5.500 metro koadroko zati bat zentroari utziko diote. Arce triste eta kezkatuta dago erabakiarekin, milazkak kentzeko arriskua dagoelako. «Milazkak dauden alboko berdegunean jarriko dute zentroa, eta seguru nago pasealekuaren zati bat kenduko dutela. Berdegune hau behar dugu bizilagunok, eta ez zait ondo iruditzen egin nahi dutena», salatu du Arcek.
Ulia Auzo Elkarteak lagapenaren espedientea eskatu dio udalari, proiektuaren nondik norakoak ezagutzeko. «Hemen eskua sartzen badute, jakina da zer egingo duten. Okendo Kultur Etxea egin zutenean pasealekuaren zati bat kendu zuten, eta orain gauza bera egingo dutela iruditzen zait», azaldu du Arcek. Udalari eskaera zuzena egin dio: «Bakean utz dezala leku hau. Milazken pasabideak gordetzea eta mantentzea merezi du».
Urtean hiru bat aldiz garbitzen dute Groseko pasabidea, Arceren arabera. «Udalari tarteka mezuak bidali izan dizkiot maizago garbitu dezaten. Horrelako txokoek duten aberastasuna zaintzea ezinbestekoa iruditzen zait». Arcek orain arteko ohiturari eutsiko dio, eta maiz bisitatuko ditu milazka sorginduak.