Gipuzkoako derbia etxekoek irabazi dute
(Argazkia: Gipuzkoa Basket) Bigarren mailan ari diren arren, lehen mailako ikuskizuna eman zuten atzo, Illunben. Gipuzkoa Basket eta Iraurgi nor baino nor aritu ziren hasieratik bukaerara bitarte. Donostiako eta Azpeitiko taldeek helburu desberdinak dituzte, baina biek Gipuzkoako derbia irabazi nahi zuten. Azkenean, etxekoek hamar puntuko aldearekin eskuratu zuten garaipena (80-70). Garaipen garrantzitsua da Gipuzkoa Basketentzat ACB ligara igotzeko helburuari eusteko.
Futbolean, aurpegia eta ifrentzua Realarentzat. Atzo goizean, neskek galdu egin zuten Levanteren zelaian, eta denboraldiko garai zailenean daudela esan daiteke. Real Madril eta Bartzelonaren kontra galdu, eta Atletico Madrilen aurka puntu garrantzitsua lortu arren, Natalia Arroyok zuzenduriko taldeak ez du egoerari buelta ematea lortzen. Garaipen baten beharra dute goiko postuetan jarraitzeko. Behetik datozen arerioak geroz eta gertuago dituzte.
Gizonezkoei dagokienez, Anoetara hurbilduriko zaleek gozatzeko parada izan zuten, aspaldiko partez. Granadari erraz irabazi zioten (2-0), oraindik ere txuri-urdinei golak egitea kostatzen zaien arren. Ligakoa irabazitakoa, Europa ligakoa ere irabaztea du helburu Realak. Ostegunean jokatuko dute Alemanian final zortzirenetako joaneko kanporaketa (21:00). Leipzig talde indartsua izango dute parez pare.
Eskubaloian, bolada onari jarraipena eman zion Bera Berak. Lidergoa mantentzeko garrantzitsua zen Zumaian hutsik ez egitea, eta horrela izan zen. Handbol Sant Quirze erraz menderatu zuen Donostiako taldeak (27-16).
Curlingean, Oihane Otaegik eta Mikel Unanuek zilarrezko domina irabazi dute World Curling Tourreko Hvidovreko Bikote Mistoen Kopan. Txapelketa ona jokatuta, finalera iritsi ziren, baina ez zituzten Von Büren eta Klaiber suitzarrak gainditu.
EMAITZAK
Gizonezkoen LEB Oro liga, 15. jardunaldia
- Gipuzkoa Basket 80 – Iraurgi 70
Futbola
Emakumezkoen lehen maila, 22. jardunaldia
- Levante 1 – Reala 0
Gizonezkoen lehen maila, 24. jardunaldia
- Reala 2 – Granada 0
Eskubaloia
Emakumezkoen ohorezko maila, 14. jardunaldia
- Bera Bera 27 – Handbol Sant Quirze 16

