Eli Cesareok ez du Bera Beran jarraituko
Bera Bera eskubaloi taldeak prentsa agerraldia egin du gaur Bidebietan erabaki baten berri emateko. Hiru denboraldiren ondoren, Eli Cesareok taldea utziko du Europako liga indartsuenetako batean jokatzeko. Tati Garmendia taldeko arduradunak eta Cesareok berak parte hartu dute prentsa agerraldian. Ordezkatzeko “zaila” izango dela esan du Garmendiak.
“Sentimendu kontrajarriak” dituela aitortu Cesareok, eta esker onak eskaini dizkio egungo klubari: “Zoragarria da hemen hiru denboraldi egin izana. Jokalari gazteok hemen jokatzea dugu helburu hainbat arlotan kluba eredu delako, eta eskerrak eman nahi dizkiet”. Taldekideak ere aipatu ditu. “Zoragarriak dira, niretzat eredu izan diren jokalariak dira eta aldagelan topo egitea oso garrantzitsua izan da”.
Oraindik denboraldia ez dela bukatu nabarmendu du pibotak: “Asko dugu jokoan, eta lanean gogor jarraituko dut liga eta kopa irabazi nahi ditugulako”. Gaur egun arte, 49 partida jokatu ditu Bera Berarekin: 36 ligan, bost kopan, sei Europan eta bi Superkopa. Guztira, 115 gol sartu ditu –88 ligan, 18 Europan, zazpi kopan eta bi Superkopan–.
Malena Cavo, jardunaldiko jokalaria
Emakumeen Ohorezko mailako 14. jardunaldiko jokalari onena Bera Berako Malena Cavo izan da. Espainiako Eskubaloi Federazioaren webgunean boto gehien jaso dituena da. Cavok 40 minutu jokatu zituen pasa den larunbatean Handbol Sant Quirze taldearen aurka. Zortzi jaurtiketa egin eta bost gol sartu zituen.